PROFILAK

Euskal Herrian jaiotako zortzi hautetsi izango dira Europako Parlamentuan

GARA
GARA (GARA)

Euskal Herrian jaiotako zortzi europarlamentari izango dira datozen urteotan. Dena den, horietatik lau Euskal Herritik kanpo aritu izan dira gehienbat. Horietatik guztietatik, lau PSOEren zerrendan hautatu dituzte, beste bi PPrenean, eta bana EH Bildu eta EAJk osatzen zituzten koalizioetan.



 

Lauro ikastolan eta Deustuko Unibertsitatean ikasi zuen Idoia Mendiak. Zuzenbidean lizentziatua da eta nazioarteko harremanetan graduondo bat ikasi zuen Amsterdamgo Unibertsitatean. Europako Batzordean lan egin zuen. Iñigo Urkulluren Gobernuan lehendakariordea eta Lan arloko sailburua izan zen. Patxi Lopezekin Justizia sailburua eta eleduna izan zen. PSEko idazkari nagusiaren ardura izan zuen. Barrikan zinegotzi eta Gasteizen parlamentari ere izan zen.



 

Bilboko Uribarri auzoan hazi zen. Zurbaran ikastetxe publikoan eta Zurbaranberriko Ignacio Ellakuria instituan ikasi zuen. Deustuko Unibertsitatean Ingeniaritza ikasketak burutu zituen. Ikasle zenean, klase partikularrak ematen zituen eta Euskaltelen lan egin zuen. Ondoren, Informazio eta Komunikazio Teknologiak izan dira bere lan esparrua. 2011n Bilboko zinegotzi hautatu zuten EAJren zerrendan, eta hamabi urte eman zituen bertan, ardura desberdinak izan dituelarik.



 

Telekomunikazio arloko ingeniari tekniko diploma lortu zuen eta Ribaforadako Magma enpresan erosketa eta logistika arloko zuzendaria izan da orain arte. Parke fotovoltaikoen, autokontsumo industrialen eta instalazio termikoen muntaketaren ardura izan du. Ribaforadako Udalean zinegotzia eta PSNko Erregio Batzordeko kidea da. 2020. urtera arte PSOEren Nafarroako gazteriaren zuzendaritzako kidea izan zen, eta 2018ra arte Estatuko zuzendaritza federaleko kidea.



 

Bizkaian jaio bazen ere, oso gaztetatik Gaztelara joan zen bizitzera, Valladolid aldera. Bertan, gizarte lan arloko diploma lortu zuen. Valladolid eta Gaztela eta Leoiko PSOEren gazterietako idazkari nagusia izan zen. Laguna de Dueron zinegotzia, Valladolideko Diputazioko kidea eta Madrilen diputatua izan da. Bere jarduera nagusia Europako Parlamentuan jorratu du. 2004an heldu zen bertara eta 2019tik Europako osoko Alderdi Sozialistaren talde parlamentarioko presidentea izan da.



 

Deustuko Unibertsitatean zuzenbide ikasketak amaitu ondoren, Estatuko espainoleko maila goreneko funtzionario izendatu zuten. Jose Maria Aznarren garaietan Gobernuko Presidentziaren idazkari nagusia izan zen eta ETArekin elkarrizketak prestatzeko enkargua jaso zuen. 2004an FAES PPren fundazioan hasi zen lanean, 2012an talde honetako idazkari nagusi izendatu zutelarik. 2019an Europako Parlamentuan eserlekua lortu zuen PPren zerrendan.



 

Itzultzaile eta editore lanetan aritu zen Txalaparta argitaletxean. 1998an HBko Mahai Nazionaleko kide izendatu zuten, aurrekoa atxilotu ondoren. Berriozarko zinegotzia eta Nafarroako parlamentaria izan da HB eta EH ordezkatuz. Legez kanpo utzitako AuB eta ASBren hautagaia ere izan zen. Alderdien arteko elkarrizketetan aritutakoa da. 2007an Batasuneko Mahai Nazionalarekin atxilotu zuten, bi urte espetxean emanda. Sortuko kide da eta 2019an Europako Parlamentura heldu zen.



 

Donostian jaio zen, baina Benidormera joan zen bizitzera gaztetan. Alacanteko Unibertsitatean Soziologia lizentzia lortu zuen. PSOEren gazterietako zuzendaritzako kidea eta Madrilen parlamentaria eta senataria izan zen. PSOEren Antolakuntza idazkaria izan zen Jose Blanco ordezkatuz. Jose Luis Rodriguez Zapaterorekin Estatu idazkaria eta Osasun eta Berdintasun ministroa izan zen, irain matxistak pairatu zituelarik. 2012tik ez da politikagintzaren lehen lerroan izan.



 

Iruñean jaio zen, baina gero Mallorcara joan zen bizitzera, eta ondoren Madrilera. Han zuzenbide eta ekonomia ikasketak burutu zituen CEU-San Pablo unibertsitatean. 1996an Nuevas Generaciones PPren gazte-taldean sartu zen eta Madril erkidegoko PPn ardurak lortu zituen. 1997an Bruselara joan zen PPren eurodiputatuekin lan egiteko. 1999an Aznarren laguntzaile izateko Madrilera itzuli zen. 2002an Bruselara bueltatu zen eta 2004tik PPren eurodiputatua izan da.