Peli LEKUONA
DONOSTIA

Pirinioetako Mahaiak okerrera egin du PSNrekin, baina «aurrera begira» dira

Nafarroako Pirinioetako Mahaiaren egoerak okerrera egin duela salatu zuen NAIZ Irratian Unai Irigarai Auritzeko alkateak, besteak beste, gobernantza partekatuaren eredua desagertu delako. Bere ustez, PSNko Maria Chivite lehendakariak «izkina» batean utzi du Pirinioetako plana; hala eta guztiz ere, «aurrera begira» daude.

Unai Irigarai, Auritzeko alkatea.
Unai Irigarai, Auritzeko alkatea. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Pirinioetako Mahaiaren egoerak okerrera egin duela antzemanda, kezkatuta daude talde horretako kideak, Unai Irigarai Auritzeko alkateak NAIZ Irratiari kontatu zioenez. Halere, «aurrera begira» dira, besteak beste, gobernantza partekatua berreskuratzeko.

Pirinioetako Plana lurraldearekin egindako proiektua dela esplikatu zuen Irigaraik: eragileek zekartzaten aldarri eta proposamenekin bide orri bat osatu eta adosten zuten Nafarroako Gobernuarekin, Parlamentuko talde desberdinekin, herritarrekin eta bertako erakundeekin. Auritzeko alkatearen iritziz, proiektu horrek «oso ondo ordezkatzen zuen gobernantza partekatua», zeinetan aipatu aktore guztiek parte hartzen zuten.

Hala ere, hauteskundeek ekarritako aldaketez geroztik egoerak okerrera egin duela zehaztu zuen Unai Irigaraik. «Aurreko legegintzaldian, Geroa Bairen barneko zuzendaritza nagusiarekin, bere alde txar eta onekin, baina gutxi gorabeherako adostasunarekin aurrera egiten ari ginen», adierazi zuen Auritzeko alkateak. Orain, ordea, «aldaketa nabarmenak» sumatu dituzte PSNren agintearekin, eta «okerrera».

Pirinioetako Mahaian lehendik zegoen zuzendaritza «desagertu» egin zela azaldu zuen, eta horren partez, Nafarroako Gobernuak «makrozuzendaritza baten mende jarri zuen Pirinioetako plana». Horren ondorioz, plana «diluitu» egin dela esan zuen, «izkina» batean alboratuta geratu dela.

Gainera, Irigaraik salatu zuen plan honetarako Nafarroako Gobernuak aurreikusten duen 3,7 milioi euroko aurrekontua ez dela egiazkoa, horietatik milioi bat Itoizko urtegiko mahaira bideratuta legokeelako. «Egiazkoa ez den aurrekontu bat saldu digute; ematen du dirutza erabiliko dutela honetarako, baina ez», deitoratu zuen alkateak.

Esan zuenez, Gobernuan izandako aldaketek pertsonal murrizketa ekarri dute eta, «une honetan -gaineratu zuen-, zuzendaritza nagusia ez da gai laguntza horien oinarriak plazaratzeko eta horiei guztiei aterabidea emateko».

EGINDAKOAK ETA DATOZENAK

Uztailaren 3an mahaiko eragile guztiek izandako bilkuran, «haserrea izan zen nagusi», Irigaraik kontatu zuenez: «Pirinioetako herritarrek Gobernuaren utzikeria ikusi zuten, guk ere aurretiaz salatu genuena».

Pirinioetako Plana erdigunera itzultzeko eta galdutako gobernantza partekatua berreskuratzeko eskatu zioten orduan Nafarroako Gobernuari; izan ere, haserreak haserre, «aurrera begira» jarraitu behar dutela argi dute, «biztanleriari zor diogulako», Auritzeko alkatearen esanetan.

Aurretik ere, zuzendari nagusiarekin biltzeko aukera izan zuten, eta hiru konpromiso hartu zituzten hitzordu horretan: gobernantza partekatuaren eredu berrian sakontzea, etenda dauden dirulaguntzei aterabidea ematea eta irailetik aurrera 2025eko finantzaketan lanean hastea. Aste honetatik aurrera, horietan lanean hasiko direla esan zuen Irigaraik, «oso ados egon ez arren», hori dagokielako.

Era berean, azpimarratu zuen zorrotzak izango direla horiek betetzen direla bermatzeko garaian, eta hala izan ezean berriro batzarrera joko dutela, herritarrekin batera aztertzeko «zeintzuk diren Pirinioak behar dituen bideak eta zor zaizkion baliabideak».

Maria Chivite lehendakariari ere bilera eskatu zioten, PSNren Gobernuak Pirinioetako planaren inguruan duen jarrera ezagutzeko. Erantzuna, baina, ezezkoa izan zen, Chivitek esan baitzuen zuzendari nagusiarekin biltzea nahikoa izango zela.

DESPOPULAZIOAREN LEGEA

Bestalde, Despopulazioaren Lege anbiziotsu bat eskatu zuen Unai Irigaraik, «Pirinioetako arazoei erantzun konkretuak emango dizkiena». Esan zuenez, ratioekin eta etxebizitzarekin lotutako aferak jorratu beharko lituzke lege horrek, baita lehen sektorera bideratutako neurriak jaso ere.