Peli LEKUONA
DONOSTIA

Zigor eskaera «erabaki politikoa» dela uste dute Aroztegiaren aurkako kideek

Zigorra espero zuten «baina ez hainbesteko eskaera» Lekarozko Aroztegia proiektuaren kontrako protestagatik inputatu dituzten zazpi lagunek. Elurre Iriartek eta Garbiñe Elizegik epaiketa «erabaki politikoa» dela uste dute, «lurraren defentsan ari garen herritarrak kriminalizatu eta aurrekaria sortzeko», atzo NAIZ Irratian esan zutenez.

Aroztegiko proiektuaren aurkako agerraldi jendetsua egin zuten asteartean Lekarozen.
Aroztegiko proiektuaren aurkako agerraldi jendetsua egin zuten asteartean Lekarozen. (Iñigo URIZ | FOKU)

Agerraldi jendetsu batean, berriki ezagutarazi dute Aroztegia proiektu urbanistikoaren kontrako mugimenduan parte hartu dutenek gainean duten mehatxua. 2021ean identifikatu zituen Poliziak, «pelotazo urbanistikoa» gauzatzearen aurka, hondeamakinak lanean hasi zirenean haien lana oztopatzeko protesta egiteagatik.

Elurre Iriartek, plataformako kideak, eta Garbiñe Elizegik, auzipetuetako batek, NAIZ Irratian esan zuten atzo bazekitela isunen bat-edo jasoko zutela, baina ez espetxe zigor eskaria. «Asimilatu nahian» dabiltza. Alabaina, badakite sistemak nola funtzionatzen duen eta nola amaitzen den ikusteko dagoela diote: «Badugu Euskal Herrian esperientzia errepresioarekin eta beste adibide bat da. Espero genuena baino gehiago da eskatzen dutena, baina lan handia egingo dugu hori ez gertatzeko».

TALDE KRIMINALA, «MARRA GORRIA»

Talde kriminala izatea egozteko, protesta haietan derrigortze eta mehatxuak egon zirela diote, eta bi urteko espetxe zigorra eskatzen dute bakoitzarentzat. Bestetik, talde kriminal horretako parte izateagatik, beste urte bat. Bi auzipetuok ohartarazi dute ez dutela hori leporatzeko frogarik eta epaiketa politikoa dela: «Erabaki politikoa da zazpi lagun zigortzea. Benetako asmoa da lurraren defentsan ari garen herritarrak kriminalizatu eta aurrekaria sortzea, etorkizunean horrelako borroketan desobedientzia zibila eragozteko».

2021ean egin zuten obren kontrako borroka. Hasieran zortzi edo bederatzi ziren inputatuak, eta tarte honetan zain egon dira. Hemendik aurrera beste martxa bat hartuko du auziak epaitegietan. «Erantzuteko eta bide hori lantzeko momentua da, absoluzioa eskatzekoa eta zigor ekonomikoa kentzekoa», esan zuten. Baztandarren Biltzarra ospatuko da heldu den igandean eta sostengu ekonomikoa lortzen hasteko lehen urratsak egingo dituzte.

PROIEKTUA ETENDA BAI, BAINA EZ «HILDA»

Hotela, golf zelaia eta 200dik gora etxebizitza eraiki nahi dituzte Lekaroz herri txikiko nekazaritza-lurretan. Ilegalizazio garaian, Udalak birkalifikazio bidez eman zuen baimena. Ondoren, udal gobernua aldatu eta gehiengoa proiektuaren aurka agertu zen. Hori ikusita, Nafarroako Gobernuak udalez gaindiko proiektu estrategiko gisa definitu zuen, Foru intereseko izendapena eman zion eta erraztasun gehiago enpresari tramiteetan. Palacio Aroztegia SL hasi zen desjabetzeak egiten, nekazaritza lur pribatu eta publikoak. Salaketa ezberdinak zirela medio, epaileak ebatzi zuen esleipena legez kanpo egin zela eta baseliza ez dela haiena. Arazo horiek hor dituzte, baina udalez gaindiko eragina duen plana momentuz martxan dago eta, nahi izanez gero, martxan jar dezakete.

Bestalde, 43 milioi euro eskatu zituen enpresak lanak bertan behera uzteagatik. «Konpentsazioak eskatu dituzte, ez dakigu gehiago», esan zuten Iriartek eta Elizegik. «Hasieratik bukaerara arte lotsagarria izan da zentzu askotan eta hau beste bat da. Eurek etekin ekonomikoak nahi dituzte, espekulazio bidez. Bestela, diru publikotik aberastuko dira, konpentsazioa eskatuz, pelotazo urbanistikoa gaizki atera zaielako», azaldu dute.

Elkartasun kanpaina jarriko dute martxan eta lehenik Euskal Herriari egoera azaldu nahi diote. Gero, kanpaina handiagoa hasiko dute datozen hilabeteotan.