GARA
GASTEIZ

Eneritz Argintxona gaztearen heriotza baieztatu du Panamak

Panamako Fiskaltzaren arabera, Eneritz Argintxona Fraile 30 urteko erandiotarrarena da Carenero uhartean uztailaren 26an aurkitutako gorpua. Burezurreko traumatismo baten ondorioz hil zela ere eman du jakitera. Indarkeria bidezko heriotza da gaztearena.

Panamako Prokuradoretza Nagusiaren irudia.
Panamako Prokuradoretza Nagusiaren irudia. (@PGN_PANAMA)

Panamako Fiskaltzak asteartean baieztatu zuen Eneritz Argintxona Fraile euskal gaztearen heriotza. Aurreko asteartean, uztailaren 23an, desagertu zen Colon uhartean, Bocas del Toro probintzian.

Bocas del Toroko Fiskaltzako Homizidio eta Feminizidio Departamentuak baieztatu zuenez, uztailaren 26an Carenero uhartean aurkitutako gorpua Argintxonarena da. 30 urte zituen, eta joan den asteko asteartean desagertu zen. Agintariek biktimaren amaren laguntzarekin lortu dute gorpuaren ezagutzea, harekin zientifikoki alderatu baitute DNA.

Ministerio Publikoak arduradunak aurkitzeko izapideak hasi ditu, eta, adierazi zuenez, nekropsiak agertu du Erandioko gaztea buruko traumatismo baten ondorioz hil zela. Agintariek biktimaren zenbait gauza aurkitu dituzte, baita «balizko egileen zantzuak» ere.

Komunikatu baten bidez azaldu zuen ikerketa biktimaren gorpua aurkitu zutenean hasi zela, Carenero uhartean, inguruko bizilagunek agintariei abisua eman zietenean. Ondoren, Fiskaltzako funtzionarioak bertara joan ziren gorpua jasotzera.