GARA
GASTEIZ

Eraikinetan azpiegiturak hobetzeko laguntzak eskatu daitezke

Auzokideen komunitate eta sektore publikoko erakunde guztiek dirulaguntzak eskatu ditzakete, eraikinetan hobetzeko irrati difusioko, telebista digitaleko edo Interneteko banda zabal ultra-azkarreko telekomunikazio azpiegiturak.

Lakuak ohar batez atzo azaldu zuenez, laguntza programa hau Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren bidez kudeatuko da, eta 3,9 milioi euroko zuzkidura du, Europako Batasuneko Next Generation planaren bidez finantzatuta. 2000. urtea baino lehen amaitutako eraikinek jaso ahal izango dute dirulaguntza. Guztira, 390 jabe komunitatetan esku hartzea espero da.

Komunitate bakoitzak kostuaren %100eko dirulaguntza jasoko du, fakturan agertzen denaren arabera. Aurreikusitako laguntza kasu bakoitzean, gehieneko zenbatekoa honako hau izango da: 23.800 eurora arte, instalazio oso bat egiten denean; 21.000 eurora arte, esku hartzea partziala bada, hau da, antenarik edo bestelako ekipamendurik ez badu; eta 16.975 eurora arte, esku hartzea banda zabal ultra-azkarreko azpiegitura instalatzeko edo egokitzeko.

Jabeen komunitateek Lakuaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dituzte eskabideak.