Bizkaiko Gazte Egunean, Ernairen irailaren 8ko mobilizaziorako deia
Bilboko Aste Nagusian, jai giroa tarte batez alde batera utzi eta Arriaga antzoki parean elkartu ziren ehunka gazte atzo. Ernai gazte antolakundeak irailaren 8an Donostian egingo duen mobilizaziora dei egitea izan zuten helburu bertan elkartutakoek.

Ohitura da jada Bizkaiko Gazte Eguna Bilboko Aste Nagusian ospatzea, eta hala egin zuten atzo ere. Ehunka lagun elkartu ziren, eta arratsaldea deialdi bat zabaltzeko baliatu zuten: irailaren 8an Donostian “Bat eginez independentziara!” leloarekin egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia egin zuten. Ernai Gazte Antolakundeak deiturikoa da mobilizazioa, eta «gero eta gazte independentista gehiago» direla aldarrikatu zuten.
Egun osoko egitaraua zuten prestatuta Bizkaiko gazteek; eguerdian elkartu ziren eta Kaskagorriko txosna parean bazkaldu zuten ondoren. Aurten eguzkia lagun, zapi urdina eta betaurreko horiak izan ziren bazkaltzen zeuden gazteen osagarri nagusiak.
BABES ZABALA
Bazkaloste akustikoaren ondoren, Arriaga plazan elkartu ziren gazteak, hainbat konpartsatako kideekin batera. Donostian egingo den mobilizazioaren jatorria gogorarazi zuten lehenik eta behin: Ernaiko kideek Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarren espetxeratzeak salatzeko egindako ekimenen ondorioz jasotako zigorrak arbuiatzea.
“Mozal legea”-ren bidez 133 gazte zigortu zituzten, 1.400 eta 2.500 euro arteko isunekin, orotara 290.500 euroko zigor ekonomikoa dutelarik. Bizkaiko hiriburuan zeudela aprobetxatuz, Bilboko 24 gazte egoera horretan daudela jakinarazi zuten.
«Egun antolakundeak ez du isunek suposatzen duten kostu ekonomikoari aurre egiteko nahikoa baliabide», baieztatu eta diru bilketa jada abian dela esan zuten. Bestalde, gazteek ez dute uste «ausaz» emandako zigorrak direnik, «Ernaik gero eta babes zabalagoa duen une batean» iritsitako zigorrak baizik. Gazteria independentistaren aurkako «eraso antidemokratiko bat» izan dela salatu zuten Arriagan.
«GERO ETA GEHIAGO GARA»
Bestalde, jada kide batzuek isunen aurkako helegitea aurkeztu dutela esan zuten, eta pixkanaka guztiek egingo dutela gaineratu: «Honen bidez, Segurtasun Sailaren desproportzionalitatea eta arbitrarietatea salatuko ditugu». Azkenik, irailaren 8an kalean «erantzun irmo bat» ematea «ezinbestekoa» dela nabarmendu zuten.
«Operazio honen bitartez helburu zutena lortu ez dutela erakusteko zita izango da irailaren 8koa. Gero eta gehiago gara etorkizunari begira independentziaren alde lerratzen garen gazteak, gero eta gehiago Euskal Herri askearen aldeko borrokan bat egiten dugunak», adierazi zuten.
Agerraldiaren ondoren, gazte eguneko festari berrekin zioten, aldarrikapen eta jai giroan.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda
