GARA
IRUÑEA

Adinekoen Egunaren bezperan, pentsiodunen aldarriak protagonista

Adinekoen Nazioarteko Egunaren bezperan, asteleheneroko elkarretaratzea manifestazio bilakatu zuen Iruñeko Pentsiodunen Mugimenduak. Aldarrikapenak Nafarroako Gobernuari eta talde parlamentarioei eraman zizkieten. Euskal Herriko gainerako hirietan eta hainbat herritan ere mobilizatu ziren, ohi bezala.

Pentsiodunen mobilizazio baten artxiboko irudia.
Pentsiodunen mobilizazio baten artxiboko irudia. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Pentsiodunen atzoko mobilizazioa ez zen astelehenerokoa izan; Adinekoen Nazioarteko Egunaren atarian, Iruñeko Pentsiodunen Mugimenduak manifestazioa egin zuen. Eguerdian abiatu ziren Udaletxe plazatik eta, Nafarroako Gobernuaren egoitzatik igaro ostean, Parlamentuaren aurrean amaitu zuten mobilizazioa. Astelehenero bezala, Euskal Herriko gainerako hiriburuetan eta hainbat herritan ere mobilizatu ziren; atzokoa berezia izan zen, gaur Adinekoen Nazioarteko Eguna izanik.

Hain zuzen ere, Iruñeko Pentsiodunen Mugimenduak, Nafarroako Parlamentuaren atarian, Gobernuari berari zein talde parlamentario guztiei zuzendutako adierazpena irakurri zuen. Egun berezia baliatu nahi izan zuten beren aldarrikapenak indartzeko.

Bi izan ziren aldarrikapen nagusiak: «Batetik, Nafarroako mutualistei eginiko PFEZaren atxikipenak eguneratzeko eta itzultzeko eskatzea, atzeraeraginezko ondorioekin, eta, bestetik, Nafarroako Gobernuak eta Euskal Herria Bilduk sinatutako aurrekontu-akordioan aurrerapen zehatzak eskatzea».

«Covid-19aren krisi soziosanitarioak argi utzi du Zerbitzu Publikoen garrantzia, baina oso gutxi ikasi dugu», salatu zuten. Horrela, azpimarratu zuten Osasunbidean ez dela behar besteko inbertsiorik egiten ari eta horren ondorio direla itxaron-zerrendak, «bai osasun-zentroetako lehen mailako arretan, bai espezialistekin egindako kontsultetan», pentsiodunei soilik ez, jendarte osoari eragiten diotenak.

Halaber, edadetuek zahartzaroa euren etxean bizitzeko eskubidea dutela aldarrikatu zuten eta argi adierazi zuten horretarako «Etxeko Arreta Zerbitzu publiko eta kalitatezkoa bermatu» behar dela: «Ezin dugu onartu inork negozioak egitea adineko pertsonen osasunaren kontura». Ildo beretik, lan-baldintza duinak eskatu zituzten zaintza lanetan ari diren langileentzat, gehiengo zabala emakumeak izanik.

Pobrezia energetikorako laguntzak, erosketa-saskirako mugak, etxebizitzaren arazoarentzako konponbideak edota bidezko soldatak ere euren kezken artean daudela adierazi zuten eta nabarmendu zuten behar horiei erantzuteko «baliabide ekonomikoak» behar direla.