Adegik aurreikusten du 3.500 bat lanpostu sortuko direla Gipuzkoan
Adegik 2024 amaitzerako Gipuzkoan 3.500 eta 4.000 lanpostu bitartean sortzea aurreikusten du. Herrialde honetako enpresen artean egindako inkestaren emaitzak aurkeztu dituzte, eta sektoreak ahultzera egin duela adierazi dute.

Adegiren aurreikuspenen arabera, Gipuzkoan 3.500 eta 4.000 lanpostu bitartean sortuko dira urtea amaitu orduko. Azaldu dutenez, 2024rako %1,8 eta %2,2 arteko hazkundea espero dute. Gipuzkoako enpresetan egindako inkestaren emaitzetatik ateratako ondorioak plazaratu zituzten atzo. Gipuzkoaren egoera ekonomikoa «positiboa» dela azaldu zuten, eta hori dela eta sortuko direla lanpostuak.
Nolanahi dela, inkestan enpresek adierazitakoaren arabera, enpresen konfiantza, salmentak, eskaerak eta enplegua ahuldu egin dira, kasu batzuetan «pandemiaren okerrenetik izandako mailarik baxuenera arte jaitsiz edo 2020 eta 2021eko mailetan kokatu arte», hau da, nahiko egoera kaskarrean. Ahultze hori are nabarmenagoa da industria enpresetan, eta metalurgian eta produktu metalikoetan bereziki, Jose Miguel Ayerza Adegiko zuzendari nagusiak aditzera eman zuenez.
«Ahultze hori zuzenean lotuta dago nazioarteko merkatuen eta, batez ere, Europako Batasunaren bilakaerarekin eta, bereziki, Alemaniarekin», aipatu zuen Ayerzak, «zuzenean eragiten baitie Gipuzkoako industria enpresei, ia gehienak esportatzaileak direlako». Halaber, adierazi zuen, aste honetan ezagutu ahal izan duten PMI indizearen arabera, Gipuzkoako «industria gainbeherak okerrera egin duela».
Nazioartean, Estatu frantseseko industriak atzeraldi egoeran jarraitzen duela gogoratu zuen, eta Italia azken bi hilabeteetako mailarik apalenean dagoela. «Volkswagenek bere historian lehen aldiz Alemanian lantegiak ixteko asmoa du, ingurune ekonomikoa are gogorragoa bihurtu delako, eta aktore berriak, bereziki Txina, Europan kokatzen direlako», azaldu zuen.
NAZIOARTEKO INGURU ZAILA
Kezka adieraztearen arrazoia da Alemania dela Gipuzkoako industria sektorearen bezero nagusia eta, beraz, lehiakortasunari dagokionez atzean geratuz gero, nahi eta nahi ez izango du eragina bertako industria enpresetan. Hori dela eta, bere «erronka nagusietako bat» izan den lehiakortasunari are garrantzi gehiago emango diotela adierazi zuen Ayerzak.
Estatu Batuekiko eta Txinarekiko galdutakoa berreskuratzea «hil ala biziko erronka» da Adegirentzat. Horretarako, «ahaleginak areagotu» beharko dituztela ohartarazi zuen, «berrikuntza bizkortzeko, deskarbonizazioaren eta gure industria lehiakortasunaren babesaren arteko oreka aurkitzeko, inbertsio estrategikoen finantzaketa hobetzeko edo gobernantza aldatzeko». Era berean, «burokraziaz eta gehiegizko erregulazioaz» kexatu zen, «lehiakortasunerako oztopo» direla iritzita.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
