Jon GARMENDIA
Idazlea

Hilda bizi

Bizitzea eta hiltzea, bizirik egonda hilik sentitzea, horrexegatik izendatu nuen aitzineko idatzia “Bizhiltzea”. Ez dut uste minik handiena dela erran daitekeenik, zoriona bezala zoritxarrik ez baitago hitz unibertsalez defini daitekeenik, baina norberak sentitu duen minik handiena seme edo alaba bat galtzea dela ulertu dut, inguruko dezente izan baitira hala adierazi didatenak. Horrela erabaki dut jarraipena idaztea, eta ohikoa badut ere lagunen izenak ematea, oraingoan izenak lagunetan utziko ditut. Ez dakit deep throat izaten. Batek hala aitortu dit, 2020tik barruan zeukan zauria ireki zaiola idatzia leituta, alaba galdu zutela orduan, eta beren burua nola izendatu jakiteak lagundu egin ziola. Lagun argentinar judu batek erran ziolako bere hizkuntzan «shakul» terminoarekin identifikatzen zituztela haurra galdutako gurasoak. Esanahi zabaleko hitza: kimatua izan den mahastia, adarra moztu zaion mahatsondoa, fruitua galdu duena, idor gelditu den adaxka. Etxalarko lagun batzuek erran didate minbiziak semea ebatsi zienetik zorionak ez zuela indar berarekin jotzen heien etxeko atean. Izebak erran dit lehengusuari bihotza lehertu zitzaionetik bere buruari ama deitzea kosta egiten zaiola. Kartzelan luzaz eduki duten lagun batek denbora horretan zenbat seme eta alabaren aukera galdu duen, ametsetik zorigaiztora ailegatuz. Eta, bitartean, Palestinan, haurrak hiltzen jarraitzen dute izenik ez duten, edo izendatu ezin ditudan, horiek.