Amaia EREÑAGA
DURANGOKO AZOKA 2024

Azokako makineria koipeztatzen dutenak

Plateruenarako bidean utzi genuen atzo eguerdian Goiatz Pelaez, doinu frogak gainbegiratzera zihoala-edo. Azokako antolaketaren arduraduna da eta, Garazi Arrula editorea edo Behe Bandako partaideak legez, kulturaren plaza honen “makineria” koipeztatzen harrapatu genituen. Helmuga bat zuten: gaurko ateen irekiera, 10.30ean.

Goiatz Pelaez, bere egunik gogorrenari begira.
Goiatz Pelaez, bere egunik gogorrenari begira. (Oskar MATXIN | FOKU)

59. edizioaren bezperan, Durangora sartzean, ez genuen Azokaren “usain” berezirik hartu. Prestaketa lanetan sartuta zeuden antolatzaileak -aparkalekuen seinalizazioa atontzen, esaterako-, baina herritarren artean asteazken bateko normaltasuna zen nagusi.

Landakoko plazan zegoen giroa lasaia zen. Baina eraikinera sartutakoan, agur normaltasunari. Eta agur lasaitasunari. Azokaren 59. edizioaren hasierarako ordu batzuk baino ez ziren falta, 10.30ean zabalduko baititu gaur ateak igandera arte irekita egongo den edizio berri honek. Egun bat gutxiago izango du aurten; beraz, dena kontzentratuago egongo al da?

KAXEN ARTEAN

Gerediaga elkarteak eman zituen datuak: edizio honek 200 ekitaldi eta 274 erakusmahai hartuko ditu. Ez dira zenbaki makalak. Landakoko eraikuntzara sartu eta aurkitu genuen lehen aurpegi ezaguna Garazi Arrula idazlea eta Txalaparta argitaletxeko editorearena izan zen. Goizean goizetik jo eta fuego lanean ari zen Tafallako argitaletxeko lantaldea, hartu dituzten bederatzi erakusmahaiak prestatzen.

Zazpi lagun arituko dira Azokan, horietatik bi editoreak, Ane Eslava eta Garazi Arrula bera. Irailetik honi begira dihardute: «Lana sistematizatuta daukagu, eta badakigu logistikan zer behar dugun», aitortu zigun editoreak.

Eta nola aurreikusten zuen Arrulak aurtengo edizioa? «Azken urteetan gertatu zaigu banatuago dagoela salmenten kontua. Agian hori ere gure hautuagatik izango da, baina lehen gehiago zen titulu bat edo bi, eta horiek mugitzen ziren batez ere. Azken urteetan interesa banatuago dago».

«ERAIKINA TXIKI GELDITZEN ARI DA»

Kaxa, palet, liburu eta landareen artean -letxugak ikusi genituen erakusmahai batean- igaro ondoren, iritsi ginen Landakoren erdira edo “bihotzera”. Han zegoen Goiatz Pelaez, Gerediaga elkarteko partaidea eta Azokako produkzioko arduraduna, egun hauetan egiten zaizkion milaka galdera, eskari eta kexei -«denetatik dago, etxe guztietan bezala»- erantzuten, kasu egiten.

Berak ireki eta itxi egiten du eraikina, eta Azoka osoan zehar adi dago telefonoari eta sortzen zaizkien arazoei. Bezperako egun hau dela gogorrena adierazi zigun.

«Lehen bisitaria nintzen eta nik Azoka disfrutatu dut betidanik. Orain lantaldea koordinatzen dut, Azokarako lanean dauden gazteak, eta espazioak. Esaterako, zein tramankulu behar ditugun, edo zein material, aulki, mahai», aipatu zigun Durangon bizi den otxandiar honek.

Urtetik urtera nabaritzen da Azoka handitzen doala. «Eraikina txiki gelditzen ari da, pena da. Pilatuta gaude eta herrian dauden guneak ere ez dira asko... Espazio falta dago. Baditugu ideia batzuk, baina aurrekontu itzel bat ekarriko luke», esan zigun. Bisitarien aforoa gainditzen denean, adibidez, ateak ixten dituzte: «Ate bakoitzean kamera bat dago, eta momentu oro dakit sartzen eta irteten den jende kopurua. Topera gerturatzen ari garenean, mezu bat iristen zait. Horrela ibiliko gara: ateak ireki eta ateak itxi», esan zuen Pelaezek.

«Guk nahi duguna da Azokarik onena ateratzea eta bisitariak kultura zainetan sartzea. Niri bizipoza ematen dit honek», aitortu zuen.

BEHE BANDA, AHOTSENEAKO GAZTEAK

“Bunkerra” deitzen diote Ahotseneako literatura aurkezpenak hartuko dituen eraikin berriari. Kontserbatorioa obretan dagoenez, Landakoko albo batean, kontainerrekin egindako etxalde bat eraiki dute. Bihartik aurrera, han hasiko dira lanean Behe Banda kolektiboko idazle gazteak. «Idazleei kasu egin eta aurkezpenak kudeatzen ibiliko gara. Ilusionatuta gaude, gogotsu, idazleak eta haien lanak ezagutu ahal izango ditugulako beste ikuspuntu batetik», zioen telefonoaren bestaldetik Irati Fernandez De Okariz Irureta gasteiztarrak.

18 eta 20 urte arteko 5-6 idazle gaztek osatzen dute Behe Banda, iaz sortu zen kolektiboa. Euskal letretan dagoen bandaren tradizioa eguneratuz, Urruzuno literatura lehiaketaren egonaldi batean elkar ezagutu ondoren, literaturaren bueltan dihardutenen arteko harremana indartzea dute xede. Idaztea, kontrakoa uste arren, ez delako bakarkako lan bat.

Iazko Azokan «modu klandestino batean» egon ziren, atera zuten lehen fanzinea jendearen artean zabaltzen ibili zirelako. Aurten, Ahotsenean izango dira, faltan botatzen duten ideien elkar trukea errealitate bihurtuz.