«Kaiatik astiro» urrundu zen poeta: 14 urte Xabier Lete hil zela

Durangoko Azokaren lehen gauean itzali zen betiko euskal kantagintzaren ahots ezagunenetako bat. Bere heriotzarekin ere poesia egin nahi izan balu bezala, 2010eko abenduaren 4tik 5erako gauean hil zen Xabier Lete, 66 urte zituela. Urte luzez egon zen gaixorik, gaztetatik, eta hainbat egun ospitalean eman ostean zendu zen. «Jaio ginen, bizi gera / ez dugu ezer eskatzen / itsasontzia astiro / kaiatik ari da urruntzen», zioen Letek ‘‘Habanera’’ kantuan; bera ere, gaitzak bultzatuta, «kaiatik astiro» urrundu zen duela 14 urte.
Oiartzuarra zen sortzez, Urnietara ezkondu eta bertan bizi izan zen. 1944an jaio zen eta gaztea zela hasi zen idazten; GARAk Leteren heriotzaren biharamunean gogoratu zuenez, “Zeruko Argia” aldizkarian idazten zuen.
Euskal kulturan berebiziko garrantzia izan zuen, besteak beste, Ez Dok Amairuren sorreran parte hartu zuenetik. 60ko hamarkadan batu ziren, besteak beste, Mikel Laboa, Benito Lertxundi eta Lourdes Iriondo. Hain zuzen ere, taldean ezagutu zuen Iriondo, gerora emazte izango zuena. Izan ere, Iriondo kolektiboaren sortzaileetako bat izan zen eta erreferente izan zen emakume askorentzat.
Kantaria ez ezik, idazle paregabea ere bazen Lete. 1968. urtean argitaratu zuen lehen liburua, “Egunetik egunera gurpilera”, eta hil baino urtebete inguru lehenago “Egunsentiaren esku izoztuak”. Azken poema liburu horrekin euskarazko literaturaren Euskadi saria irabazi zuen Letek.
Bigarren poema liburua Iriondori idatzitako maitasun olerkiz osatuta zegoen, baita heriotzaren ingurukoez ere. Izan ere, 2005ean hil zitzaion emaztea eta kolpe latza izan zen Leterentzat, hark bultzatuta hasi baitzen abesten. Ordutik, nabarmen egin zuen okerrera Leteren osasun egoerak ere, eta burua ezin altxatuta ibili zen 2010ean hil zen arte.
«BIZITZAREN LEGEA» ONARTZEA
GARAn argitaratutako hilberriak gogora ekarri zuen Pilar Iparragirrek “Argia” aldizkarian Leteri egin zion elkarrizketa: «Iraganeko denboretan eta, batez ere, krisialdietan, askotan galdetzen nion neure buruari zergatik hasi ote nintzen abesten. Eta azkenean, beste arrazoi eta argudio guztiak arakatu ondoren, ondorio batera ailegatu nintzen: Lourdesengatik, haren eraginez eta bultzadaz hasi nintzen kantuan; haren xarma pertsonalak erakartzen ninduelako eta haren iritzi baikorrak beti suspertu izan ninduelako, baita neure buruarekiko unerik ukakorrenetan ere». Elkarrekin abestu ohi zuten ‘‘Errota zaharra’’ kantua, Iriondok sortua, «bizitzaren legea» onartzeaz mintzo zen, Leteren zein Iriondoren beraren hitzek berezkoa zuten malenkoniaz.
Izan ere, sorkuntzaz gain, ezbeharrak ere batu zituen bi musikariak. Lete gazte gaixotu zen eta Iriondori are gazteagotatik baldintzatu zion bizimodua bihotzeko gaitz batek.
«ASPERTUTA ETA GOGAITUTA»
1978an “Lore bat, zauri bat” lana argitaratu ostean, kantagintzatik erretiroa hartzea erabaki zuten Letek, Iriondok eta Antton Valverdek, batez ere orduko musika eta politika arloko joerarekin ez zeudelako eroso. «Aspertua eta gogaitua nengoen kantaldien inguruan eta horien barruan gertatzen zirenekin. Oso giro makurra zegoen, eta kantaldiak aitzakia bat ziren kontsignak eta esloganak oihukatzeko», azaldu zuen gerora.
Kantagintzarekin batera literatura sorkuntza ere alboratu zuen tarte batez, politika instituzionalean jarduteko. Hain zuzen ere, 1980ko hamarkadan lau urtez aritu zen Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailean, zuzendari nagusi gisa lehenik eta sailburu moduan ondoren, EAJren eskutik. Gaitzak behartu zuen zeregin publikoak uztera.
1991ra arte ez zuen hurrengo lan diskografikoa argitaratu, ‘‘Eskeintza’’, Jabier Muguruza eta Pascal Gaignerekin. Hurrengo urtean, ‘‘Hurbil iragana’’ (Elkar) kaleratu zuen, berriz grabaturiko abesti ezagunenak biltzen dituen lana.
1999ko abuztuaren 10eko GARAn aurreratu zutenez, urte bereko irailean itzuli zen agertokietara, salbuespen gisa, Errenteriako Orereta Ikastolak antolatutako Kilometroak jaialdian. Bi urte lehenago eman zuen azken kontzertua, ordurako oso kantaldi gutxi eskaintzen baitzituen.
Ereserki ugari utzi zituen Xabier Letek, hala nola ‘‘Ihesa zilegi balitz’’, ‘‘Gizon arruntaren koplak’’ eta ‘‘Habanera’’, baita hiletan kantatu ziezaioten eskatu zuen ‘‘Errota zaharra ere’’. Hain zuzen ere, Urnietan eman zion azken agurra elizkizunera gerturatu zen jendetzak, eta mediku izan zuen Felix Zubiak bertsotan egin zion omenaldia. GARAk hilaren 8an argitaratutako Ariane Kamioren kronikan jaso zuen: «Ez nau izutzen esan zenigun, begietara begira. Negua dator nere albora, bukatu da nere bira. Gustora noa pake-pakean, Lourdes dagoen tokira. Nerekin dago, soma dezaket irrifar batez ari da».
[2005] Joxemari Iriondo Euskaltzaindiako kidea, Juan Mari Lekuonaz
2005eko abenduak 5k zituen Juan Mari Lekuona hil zenean. Olerkari eta euskaltzainak hutsune handia utzi zuen euskal kulturgintzan, agerian geratu zen Oiartzunen eman zioten azken agurrean, euskalgintzaren alorreko jende andana gerturatu baitzen. Euskararen akademian kide zuen Joxemari Iriondok bere ibilbidea errepasatu zuen GARAn egun batzuk geroago argitaratutako idatzian.
“Mindura gaur” titulatu zuen Iriondok obituarioa, Lakuonak berak idatzitako izen bereko poema liburuari erreferentzia eginez, haren heriotzak eragindako samina adierazteko baliabide gisa.
Laguna zuena goraipatzeko baliatu zituen GARAn argitaratutako hitzak, kideari zuzendutako eskutitza bailitzan idatzitakoak: «Bazekiat abenduaren 5 honetan, eta ondorengo egunetan ere, hire eta Lekuonatarren milaka aipamen eta esker onezko laudorio franko izango dela gure herriko hedabideetan (irratian, telebistan, periodikoan). Eta sinetsidak ongi merezitakoak izango direla denak ere».
Halaber, gogora ekarri zituen Lekuonaren obrak, olerkiak idazteaz gain era askotako testuak itzuli baitzituen euskarara, hala nola, elizkizunetako testuak.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
