Asier ROBLES
BILBO

Kapitalari eremu guztietan aurre egin beharra azpimarratu du LABek

1.600 euroko gutxieneko soldata, 30 orduko lan-astea, zerbitzu publikoak indartzea (zaintza, osasuna, hezkuntza eta etxebizitza) eta hemen erabakitzea; horiek aldarrikatu ditu LAB sindikatuak Delegatuen Batzar Nazionalean. 1.500 ordezkari batu ziren Bilboko Miribillako Bizkaia frontoian eta gero manifestazioa egin zuten Arriaga plazaraino.

1.500 delegatu batu ziren Miribillako Bizkaia pilotalekuan, Bilbon.
1.500 delegatu batu ziren Miribillako Bizkaia pilotalekuan, Bilbon. (Monika DEL VALLE | FOKU)

LABek Delegatuen Batzar Nazionala egin zuen atzo Bilbon, Miribillako Bizkaia pilotalekuan, 1.500 delegatu ingururen parte-hartzearekin. Zaintza, enplegua eta aberastasuna banatzeko neurriak exijitu zituen sindikatuak eta gutxieneko soldata «hemen eta orain» ezartzeko deia egin zuen.

Sindikatu abertzaleko bi koordinatzaile nagusiek hartu zuten hitza. Igor Arroyok, ekitaldi hasieran, sindikatuaren 50 urteko ibilbidea goraipatu zuen: «Euskal sindikalismoaren koordenadak errotik aldatzea lortu dugu. Kontraboterea, independentismoa, euskaltzaletasuna, feminismoa, antirrazismoa, ekosozialismoa. Guk altxatutako banderak, guk garatutako eredu sindikala nagusitu da, nagusitzen ari da Euskal Herrian».

Garbiñe Aranburu koordinatzaileak eman zuen hitzaldi nagusia. Presoen etxeratzea eta Palestinaren askatasuna aldarrikatu ondoren, kapitalismoaren egungo fasea ezaugarritu zuen, ultraeskuinaren gorakadaren aurrean «Euskal Herria irla bat ez» dela azpimarratuz eta neomatxismoaren, arrazakeriaren eta larrialdi klimatikoaren ukazioaren gorakadaz ohartaraziz.

Testuinguru ilunaren aurrean, adierazi zuen LABek baduela alternatiba: «Kapitalari eremu guztiak lehiatzea lantokiak, kaleak, instituzioak eta baita baloreak ere».

«Langile klasea zatitu eta lausotzen duen sistemari aurre egiteko, langileok bat egin, antolatu, ahaldundu eta borrokatu egin behar dugu. Jendartearen bilakaerari parez pare begiratuta egin behar dugu. Eredu sindikala etengabe birpentsatzeko, egokitzeko gaitasuna izan behar dugu», gehitu zuen Aranburuk.

ALDARRIKAPENAK

Jarraian, LABek irailean aurkeztutako dinamika konfederaleko aldarrikapenei tartea egin zieten, hain zuzen ere, 1.600 euroko gutxieneko soldatari, 30 orduko lan asteari eta zerbitzu publikoei.

«Hemen eta orain» ezartzeko momentuaren garrantzia azpimarratu zuen Aranburuk, adieraziz «sindikatu guztiak» daudela ados patronalari akordio interprofesional baten negoziazioa eskatzean. «Sindikatu subiranistok lanbidearteko gutxieneko soldata bat ezartzeko eskumena izatea eskatzen dugu, Lan Harreman eta Babes Sozialerako Euskal Esparru baterantz jotzeko egiturazko neurri bat».

Fiskalitatearen inguruan, salatu zuen patronalak erabakitzen duela zerga politika. «Aldian-aldian eztabaida pizten da, ia ezer ez aldatzeko. Horretarako daude patronaleko kideak, Petronor, Iberdrola eta konpainiako lotsagabeak; ahoa irekitzen dute eta EAJk obeditu egiten du. Ez dago aldaketarik, Urkullu eta Pradales gauza bera dira funtsean».

Etxebizitzaren egoera larria ere hizpide izan zuten. Horrela, Madrilgo Sindicato de Inquilinas etxebizitza sindikatuko kide batek hartu zuen parte, bideoz, baita Abiatu LABeko Ekintza Sozialeko komunitateko kideek ere. «Ez dago bizi proiektu duinik etxebizitza eskubiderik gabe», azpimarratu zuen Aranburuk, LABek gaiarekin pauso berriak emango dituela iragarriz.

LABen ibilbide antirrazistaren balioa nabarmenduz, Euskal Herria harrera herria dela azpimarratu zuten Txefi Roco idazkari antirrazistak eta Eñaut Aramendi eta Argitxu Dufau Ipar Euskal Herriko militanteek. Azken biak epaitu egingo dituzte migranteei Bidasoaren alde bietan pasabide segurua izaten laguntzeagatik eta J’Accuse autoinkulpazio dinamika hauspotzeko eta urtarrilaren 26an Irun eta Hendaia artean egingo den mobilizazioaren deialdia zabaltzeko baliatu zuten horiek euren hitz- hartzea.