Amagoia MUJIKA
OIARTZUN
Elkarrizketa
ALAIA MARTIN ETXEBESTE
Gipuzkoako txapelduna

«Sentitu nuen: ‘bale, hemendik nahi nuen eta hemendik ari naiz’»

Pozik. Bidegorrian dabilen emakume batek «enhorabuena» eta hurrengoak «ze harro gauden Oiartzunen». Txapelaren itzal elebiduna. Final berezi baten parte izan dela sentituz, Alaia Martinek erosoago darama txapela eskuan buruan baino. Illunben nahi zuen tokitik egin zuen bertsotan eta gozatu egin zuen; beregatik, kantukideengatik eta plazarengatik.

(Gorka RUBIO | FOKU)

Zorionak. Nola zaude?

Esango nuke pozik nagoela, oraindik ere digeritzen, bizitakoa barneratzen. Oraindik barru perspektiba batetik, saioa kanpotik ikusi gabe. Lehenengo geruzan nago.

Librean hasi zenuten saioa. BEZaren inguruko gai bat egokitu zitzaizun. «A zer gaia» pentsatu genuen, eta zuk gaiari distira atera.

Gaia entzuten dudanean saiatzen naiz ez pentsatzen, ez ona den edo ez txarra den, askotan gaiak berak sorpresak ematen ditu eta. Askotan jarrerak berak baldintzatzen du bertsoaldia. Nire posizioa ez zen etikoki zuzena, baina oso ohikoa zen eta, aldi berean, sinesgarria. Bide hori hartu nuen, errealitatearekin lotzen zuten zantzu horiek hartu eta pixka bat hiperbolerantz eraman, denok ezagutzen ditugun esaldi, mezu, argudio, aitzakia horiek ekarri nahian.

Lehen ariketak balioko du seguruen plazan nola zauden sentitzeko. «Nik nahi dudana egin behar dut, berorrek hala egin beza», amaitu zenuen ariketa. Buelta eta txiribuelta.

Ofizio horrek asko lagundu zidan. Ideiak etorri egiten zitzaizkidan, nahi nuen erregistro hori etorri egiten zen. Ez hainbeste zorroztasun hori, batzuetan txapelketan kontrolera eta estu errimatzera jotzen baitugu, baina igual esatearen kaltetan. Etortzen zitzaidana gehiago zen esateko, estu errimatzeko baino. Horrekin sentsazioa izan nuen: ‘bale, hemendik nahi nuen eta hemendik ari naiz’. Gero, esakeraren batean ez nintzen gustura geratu; betelanean espresio bat nuen buruan eta beste bat esan nuen. Eseri nintzenean, gustura geratu nintzen elkarrizketa horrekin eta argudioekin. Baina nire buruari esan nion: ‘e!, fin, betelanean ere adi; ideiak datozenean bilatu zehaztasun hori barruan’. Hasieran bost minutuz deserosotasun bat izan nuen, baina hortik aurrera deskartatu eta esan nuen: pintzel fina barruan ere.

Jarrerak garrantzia dauka. Zu gozatzen sumatu zintugun.

Jarrera beti da garrantzitsua eta ni saioetan saiatzen naiz hori zaintzen. Illunberen kasuan, kostatu egiten da iristea, ez dakizu inoiz berriz iritsiko zaren horrelako final batera. Behin han egonda, ilusio handia nuen saio borobil bat egiteko. Hori tokatu egin behar zaizu; eguna, kideak, gaiak, loa... gauza asko batera tokatu behar zaizkizu, eta tokatu zitezen gogo eta ilusio handia neukan. Grina hori baneukan, agian bestetan modu horretan izan ez nuena.

Ganbarako gaian kazetariaren tokitik, oilo ipurdia sortu zizun gai bati buruz. Torturari buruz abestu zenuen eta sentipena izan zen plazak behar zuela.

Agian, bai. Egia esango dizut, aurretik ez nuen inolaz ere pentsatuko Illunben torturaz kantatuko nuenik, ez zegoen nire sentsazioetan. Gauden garaietan gaudelako, ni azken garaiotan beste borroka batzuek asko astindu nautelako eta gorputza horietan izan dudalako... Baina hain zuzen egunerokoan haragi bizitan ez ditugun gauzak direlako, gorde egin dizkigutelako, zalantza egin nuenean, erabaki nuen torturari lekua eman behar niola. Ez zen izan lehen aukera, eta ni normalean lehen aukerarekin geratzen naiz. Gehiago etortzen zaizkit, baina lehenengora bueltatzen naiz. Kasu honetan ez zen izan lehenengo aukera, baina une horretan horrek mugitu ninduen. Beldurra eman zidan gaiari eusteak ere, baina pentsatu nuen plaza hori erabili zitekeela horretarako. Sentsazio horretatik egin nuen eta ni ere mugitu egin ninduen horri buruz kantatzeak.

Gauza asko gertatu ziren finalean, bai oholtzan eta bai beheran. Berezia izan zen.

Niretzat bai, eta bene-benetan liluratuta nengoen kideen gaitasunarekin, esaten ari zirenarekin, gorpuzten ari zirenarekin, beraien indarrarekin, elkarrekiko geunden moduarekin... Benetan zegoen giro ona, elkarri zeozer ona opa genion eta benetan elkarri laguntzen ari ginen. Sentsazioa daukat denek utzi zutela sinadura propioko zerbait. Final hori bizitzea izugarrizko zortea zela sentitzen nuen momentuan bertan. Uste dut ezinbestekoak izan zirela oholtzan zeuden pertsona guztien ekarpenak.

Txapela, laguntasunari.

Edozein postutan, horixe kantatu nahi nuela pentsatu nuen. Ni oraintxe lotuta bizi naiz zaintzari, aurtengo urtea izan da erabat zaintza eta tarteka bertsoa. Eta bertsoa sekulako arnasgunea eta oparia izan da, zaintza izan den bezala. Etxeko sarea ezinbestekoa izan da hau posible izan zedin, aurten eta orain. Baina pentsatzen jarrita, hamabi urte nituenetik honaino iristeko zerbait funtsezkoa izan bada nire bizitzan, lagunak izan dira. Eta nahiko nuke izaten jarraitzea. Batzuetan gertatzen da inertziak -adin batetik aurrera batez ere- eramaten gaituela nukleo gero eta txikiagoetara eta familiarragoetara, familia zentzu tradizionalean esanda. Eta hautu kontziente bat egin ezean beste norabide batean, irentsi egiten gaitu eta hor geratzen gara gure hiruzpalau lagun gaizki zainduekin. Nahi nuen agurra kantatu nuen, nire inguruari eta nire buruari opa diodana, urte askoan kalitatezko harremanak izatea.

Aitatasunaz galdetzea ez da ohikoena. Amatasunaz galdetuko dizut. Aurten ama izan zara bigarrenez. Finalean txikiari bularra ematera jaitsi zinen oholtzatik. Burua beste nonbait ere bazenuen.

Batez ere gorputza daukat beste norbaitentzat, beste birentzat. Urte hasieran izan nintzen berriz ama, eta nire egunerokoaren %98 konpainian da. Ez zatekeen posible izango ez bagenu etxean horren aldeko apustua egin, ez banitu lagun zoragarriak eta bertsokide zoragarriak. Garrantzitsua da esatea Bertsozale Elkarteak ere ahalbidetu duela. Konfiantza neukan une batean atzera egiteko beharra sentitzen banuen, hori egiteko modua izango nuela. Eskertu nahi ditut izan ditudan sorbalda, beso eta begi horiek laguntzeko prest egon direnak eta oholtzatik jaisterako aulkitxo bat jarri didatenak, berogailuaren ondoan bularra emateko txikienari.