GARA
GASTEIZ

Eragile publiko eta pribatuekin etxebizitza koordinatzeko foroa iragarri du Itxasok

Lakuak dekretu bidez onartu du Euskadiko Hirigintza eta Etxebizitza Foroa sortzea. Kontsultarako eta parte hartzeko gune bat izango da eta eragile publiko, pribatu eta sozialak bilduko ditu.

Hirigintza eta Etxebizitza Foroaren berri eman zuen Denis Itxaso sailburuak atzo.
Hirigintza eta Etxebizitza Foroaren berri eman zuen Denis Itxaso sailburuak atzo. (IREKIA)

Lakuako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak Euskadiko Hirigintza eta Etxebizitza Foroa sortuko du, eragile publiko, pribatu eta sozialek parte hartuko duten kontsulta-erakundea, etxebizitza-politikak diseinatu eta koordinatzeko.

Lakuako Kontseiluak atzo onartu zuen foro hori sortzea, eta 54 kide izango ditu Lakuaren, udalen, sektore pribatuaren eta herritarren hainbat elkarte eta kolektiboren izenean.

Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan azaldu zuenez, foroa Bilbon bilduko da lehen aldiz urtarrilaren 22an eta bertan jorratuko den lehenengo ekimenetako bat babestutako etxebizitzetarako lurzoruen kudeaketa bizkortzeko eta dinamizatzeko neurrien ingurukoa da.

Horrekin lotuta, Itxasok esan zuen 2006ko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko Legearen eraginkortasunaren azterketak egungo arau-esparrua berrikustea planteatuko duela, babestutako etxebizitza bultzatzeko, prozeduretan malgutasun eta arintasun handiagoa emanez.

Foroak proposatuko du, halaber, bizitegi-merkatuko tentsio handiko eremuetan lurzorua lagatzeko ekimenak aztertzea eta «etxebizitza babestuetarako sailkatutako lurzoru publiko eta pribatuen mapaketa zehatza egitea, lursail horien egoera eta ezaugarri zehatzak identifikatuz».

«Etxebizitza duina bermatzeko erronkak eskaintza aktibatzea eta eskura dauden baliabideak, hala nola lurzorua, hobeto kudeatzea konbinatu behar ditu nahitaez», azpimarratu zuen sailburuak.

Lankidetza publiko-pribatua aztertuko da, akordioak lortzeko hainbat mekanismo bilatzeko, adibidez, Europako Inbertsio Bankuarekin.

Azken batean, azterketarako, kontrasterako eta eztabaidarako gunea izango da, etxebizitza-politika publikoak indartzeko. Gainera, etxebizitzaren egoeraren aurrean sektore guztiekin lan egiteko konpromisoa dutela berretsi zuen.

2025ean, EAEko hiru hiriburuetan eta Barakaldo, Irun eta halako udalerrietan etxebizitzak alokatzeko tentsio handiko guneen figura aplikatuko da, «maizterrak babestuko baitituzte».