GARA
DONOSTIA

Bederatzi sindikatuk U11ko mobilizaziora dei egin dute

Euskal presoen etxeratze prozesuan «urrats garrantzitsuak» egin badira ere, salbuespena oraindik gainditzeko dagoela nabarmendu dute bederatzi sindikatuk batera, Hego Euskal Herriko hiriburuetan.

Sindikatuek Iruñean atzo egindako elkarretaratzea.
Sindikatuek Iruñean atzo egindako elkarretaratzea. (Iñigo URIZ | FOKU)

Bederatzi sindikatu batera atera ziren kalera atzo, Sare Herritarraren eskutik, urtarrilaren 11n Bilbon deitutako mobilizazio handiari hauspoa emanez. Izan ere, «korapilo handiak askatzeko» daude oraindik gatazkaren ondorioei dagokienez, eta horiei aurre egiteko eskatu zuten Iruñean, Gasteizen, Donostian eta Bilbon.

Gehiengo sindikala ordezkatzen dute plazetan bildutakoek: ELA, LAB, ESK, Steilas, CGT/LKN, CNT, Hiru, EHNE eta Etxalde batu ziren aldarrikapen hauen inguruan.

«Gure herriak urteetan bizi izan duen gatazkaren ondorioen konponbideak duen garrantzia mahai gainean jartzeko bildu gara -azaldu zuten-. Euskal presoen etxeratze prozesuan urrats garrantzitsuak egin badira ere, korapilo handiak falta dira askatzeko oraindik, salbuespenak indarrean jarraitzen du oraindik».

Aurten urratutako «Europako Batasuneko zigorren batuketaren lege erreforma albiste pozgarria bada ere, bide luzea falta da oraindik egiteko», aipatu zuten batetik. «Biolentzia ezberdinen biktimek egia jakitea eta aitortza behar dute», erantsi zuten. Hauekin batera, «espetxean dauden eta erbestean dauden euskal herritarren etxeratzea beharrezkoa da iraganera iltzatzen gaituzten korronteei amaiera eman

eta behin betiko elkarbizitzari begira jartzeko».

Horregatik, «langileok ere Sareren jardunarekin bat egiten dugu beste behin, langileok ere gure ekarpena egingo diogu konponbide prozesuari, gure alea jartzeko prest gaude etxera bidean», adierazi zuten sindikatuok. Eta gonbita berezia luzatu zieten langileei, urtarrilaren 11n Bilbon, La Casillatik 17.00etan abiatuta, manifestazioan parte har dezaten. «Behin betiko bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren garaia dela aldarrikatuko dugu», aurreratu zuten.

GABONETAKO MOBILIZAZIOAK

Gaur bertan, Bilbon dute hitzordua, San Tomas ospakizunarekin batera, 12.00etan Plaza Eliptikotik irtengo den manifestazio baten bitartez egingo dute aldarri.

Nafarroan egitarau oso bat prestatu dute, jada abiatu dena eta hilaren 31ra arte luzatuko dena. Hitzordu nagusietako bat abenduaren 27an izango da, ostiralarekin, 20.00etan Iruñean. Egun bat geroago Hatortxu Rock ospatuko da Atarrabian, “Agur Atarrabia” lelopean emango diote itxiera.