Diru-sarrera «duinak» bermatzeko sinadurak biltzen hasi dira
Mobilizazioen zazpigarren urteurrenarekin, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua, pentsioak osatzeko sistema sortzeko, herri ekimen legegilearentzako babesa eskatzen hasi da. Pentsioak «duinak» izan daitezen apirilaren 24ra arte sinadurak bilduko dituzte, gutxienez 10.000 lortzeko, baina gehiago eskuratzea espero dute, daukaten babes osoa erakusteko.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak 60 urtetik gorako pentsiodun guztientzat diru-sarrera «duinak» bermatzea du helburu. Horretarako, sinadura bilketa abiatu zuen atzo, dagoeneko tramitera onartuta dagoen herri ekimen legegilearekiko babesa erakusteko.
Hori aditzera eman zuten mugimenduko kideek atzo Gasteizko Legebiltzarrean emandako prentsaurrekoan. Lau hilabetez, apirilaren 24ra arte, izango dira astelehenetan herrietako plazetan eta gutxienez 10.000 biltzea espero dute, baina «askoz sinadura gehiago bilduz herritarren babesa frogatu» nahi dutela adierazi zuten.
Asmoa gutxieneko pentsioak osatzeko Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako sistema bat garatzea eta lanbide arteko gutxieneko soldataren (LGS) %100arekin parekatzea da. Beraz, soldatak eta pentsioak lotuta, gutxieneko pentsiorako eta gutxieneko soldatarako nahikotasun diru-sarrerek baliokideak izan behar dutela defendatzen dute.
Genero arrakala murriztea ere helburu dute. Gogorarazi zutenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako pentsiodunen herenek LGSa baino pentsio baxuagoak jasotzen dituzte eta horietatik %70 emakumeak dira. Gehiengoak 850 euro baino gutxiago jasotzen du.
Emakumeak «baztertuta» egon direla gaineratu zuten, sektore feminizatuetan lanean eta aintzat hartu eta ordainduta egon ez diren zaintza lanetan. Alde horretatik, proposamenaren hamahiru artikuluetako batek pentsiodun bakoitza pertsona bakarreko unitate ekonomiko gisa hartzea jasotzen du. Mugimenduko kideen ustez, bizikidetza unitatearen kontzeptuak emakumeak «zigortzen» ditu eta diru-sarrera nagusia gizonen gain uztean oinarritutako sistema betikotzen du.
Halaber, pentsiodunena kolektibo «garrantzitsu eta zaurgarria» dela azpimarratu zuten eta, osagarriaren bidez, etxebizitza erosoa izateko eta aho-hortzen, entzumenaren eta ikusmenaren osasunerako eskubidea bermatzea nahi dute, «bidezkoak» diren «oinarrizko eskubideak».
LAKUARI ESKAERA
«Ez digu balio pentsioak Madrilgo kontu bat direla esateak», nabarmendu zuten Legebiltzarrean. Argi utzi zuten Lakuako Gobernuak «baliabideak eta eskumenak dituela». Hortaz, Imanol Pradalesen Gobernuari «albora begira eta ikusle bezala ez geratzea» eskatu zioten.
Pentsiodunak sindikatu eta Parlamentuko talde guztiekin bildu dira behin baino gehiagotan eta horien gehiengoak babestuko dituen «konfiantza osoa» dute.
ZAZPI URTE
Kaleko mobilizazioak zazpi urte betetzear daudenean -2018ko urtarrilaren 15ean hasi ziren-, mugimenduak «irmoa, indartsua eta osasun onekoa» izaten jarraitzen duela nabarmendu eta «herritar guztien» babesa eskatu zuten pentsiodunek.
«Dei egiten diegu 18 urtetik gorako pertsona guztiei, langileei, pentsiodunei, emakumeei, gizonei eta gazteei herri ekimen legegile hau sinatzeko, EAEko Legebiltzarrean eztabaidatu eta bozka dezaten. Borroka hau ere irabazi egingo dugu», adierazi zuten.
Hala, hemendik aurrera hitzaldiak ematen eta babesa lortzeko informazioa banatzen jarraituko dutela jakinarazi zuten, gutxi barru 250 pertsona ezagunen sinadurak dituen eta Bilbon publiko egingo den manifestu batek lagunduta.

«Itzaletik argira pasatu behar dugu torturatuok, aitortzarako garaia da»

«Leiala izan naiz aita sinboliko eta ez sinbolikoekin, kosta zait apurtzea»

Aitortza ofizial eta erreparazio eske, 900 torturaturen ahotsa

«Díaz y Errejón son distintas fases de una operación contra la izquierda»
