GARA
IRUÑEA

Hezkuntza Sailaren «jarrera itxia» dela eta, U30ean grebara deitu dute

Steilas, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek urtarrilaren 30erako Nafarroako hezkuntza publikoan deitu duten greba erregistratu eta Hezkuntza Departamentuaren «jarrera guztiz itxia» gaitzetsi zuten atzo Iruñean.

Sindikatuetako ordezkariak, Nafarroako Gobernuko erregistroan.
Sindikatuetako ordezkariak, Nafarroako Gobernuko erregistroan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Nafarroako hezkuntza publikoan urtarrilaren 30eko greba deialdia erregistratu zuten Steilas, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek Hezkuntza Departamentuan atzo. Departamentuak «jarrera guztiz itxiarekin» jarraitzen duela salatu eta horren aurrean «egiazko negoziazioa» egon dadin beren «indar osoa mahai gainean jartzeko prest» daudela ohartarazi zuten sindikatuek.

Sektorean gehiengoa duten sindikatu horiek gogoratu zutenez, 2024-2025 ikasturtearen hasiera «oso ezohikoa» izan da, «konfrontazioz betea», eta, beren aldarrikapenei erantzun ezean, «hala izaten jarraituko du», ohartarazi zuten atzo erregistroa egin ondorengo adierazpenetan.

Hezkuntza publikoko irakasleak hezkuntza komunitatearekin batera lanean dabiltzala adierazi zuten. «Egoerak eraman gaitu horretara, baina Nafarroa Garaiko arlo publikoko irakasleok, hezkuntza komunitatearen gainerako kideen laguntzaz, indar erakustaldi itzelak eman ditugu erantzun modura», nabarmendu zuten.

BEGIAK ITXITA

Steilas, LAB, CCOO eta ELAk deitoratu zuten joan den iraileko eta urriko grebek ez zizkiotela «begiak irekiarazi» Hezkuntza Departamentuari. «Antza denez, ez du ulertu zein diren Nafarroako hezkuntzaren benetako premiak. Izan ere, sindikatu guztiok egiten ari ginen negoziazioa (hala deitzerik badago) bertan behera utzi baitzuen alde bakarrez. Zertarako eta, soilik hiru sindikatuekin langileen gehiengoaren beharrei erantzuten ez dien akordio eskas bat sinatzeko», esan zuten.

URTARRILAK 30

Emandako arrazoiak medio, beste greba egun batera deitzea erabaki dutela adierazi zuten, eta erregistroa egitearekin batera ezagutarazi zuten data berria: urtarrilaren 30a.

Sindikatu hauen iritziz, Nafarroako hezkuntza sistemaren baldintzak hobetzea eginbehar nagusi bat da, eta horretarako mobilizatzen jarraituko dutela gaineratu zuten: «Gaur egungo baldintzak eta kalitatea hobetzea lortuko badugu, mobilizazioa da bide bakarra, indar erakustaldien bidez soilik lor baitaiteke Departamentuak bere jarrera aldatzea eragingo duten baldintzak sortzea».

Azpimarratu zuten «egiazko negoziazio bati ekiteko prest» daudela, «bai eta horretarako behar diren baldintzak sortzeko ere». Eta erantsi zuten, baldintza horiek lortzeko bidean ulertzen dutela greba deialdi berria ere. Horretarako, ordea, «irakasle guztion laguntza» beharrezkoa dela ondorioztatuz, laguntza eskatu zuten.