«Ipuscua 1.000 urte», Gipuzkoaren historian barna bidaia San Telmon
“Ipuscua 1.000 urte. Ipuscuatik Gipuzkoara. 1025-2025” erakusketak ateak irekiko ditu gaur San Telmo Museoan. Iosu Etxezarraga historialari eta arkeologoaren komisariotzapean, Gipuzkoa entitate geografiko lausoa izatetik nortasun juridiko propioa zuen elkarte egonkor bat izatera nola igaro zen kontatzen du. Aretoan, 1025ean lurraldearen izena lehen aldiz aipatu zen dokumentua ikus daiteke.

«Dokumenturik ez egoteak eragotzi egin du lurraldearen historia urrunena ezagutzea. Informazio gabezia hori zela-eta, sarritan lurralde primitibo gisa azaltzen zen Gipuzkoa, kanpoko botereek antolatua. Arkeologiari esker, gaur egun badakigu tokiko eragileek eginkizun garrantzitsua izan zutela bere bilakaera historikoan», adierazi zuten atzo egindako aurkezpenean.
1025ean lurraldearen izena lehen aldiz aipatu zen dokumentuaren milagarren urteurrena aitzakia ezin hobea da historia gogoratzeko. Izan ere, Garcia Acenariz (Ipuscuako jauna) eta Gayla senar-emazteek San Juan de la Peñari dohaintzan eman zioten Olazabalgo San Salbador eliza (Altzo), baita Tolosaldeko eta Aia-Zarauzko beste jabetza batzuk ere. Ekintza haren erregistroa dokumentu batek jaso zuen. Hain zuzen ere, idatzi hau da erakusketaren abiapuntu.
Gipuzkoako Diputazioko eta San Telmo Museoko teknikariak, Iosu Etxezarragarekin bat eginda, erakusketa prestatzen aritu dira. Mikel Alberdi izan dute aholkularia. Bidean aurkitu dute zailtasunik. «Bi aukera genituen. XI-XII. mendean zentratzea zen bat, baina ez zegoen garaiko nahikoa pieza erakusteko. Bigarrena zen azken 1.000 urteen atzerabegirakoa, baina, Gipuzkoaren historia oso aberatsa izanik, ez zegoen nahikoa leku museoan», adierazi zuen komisarioak.
Kontuak horrela, erdibideari heldu diote. «Garaia aurkeztu dugu hasieran, gaur egun dakigunetik -historiagileak oraindik aztertzen ari gara-. Eta ondoren lurraldetasuna eta erakunde politikoak hartu ditugu ardatz bezala». «Diskurtso historikoa edozeinentzat ulergarri egitea» izan du beste kezka Etxezarragak.
ANTOLAKETA
Garai hartako tokiko antolaketa sozial, ekonomiko eta politikoaren gaineko informazioa ematen duten testu, bideo eta mapekin batera apaingarri pertsonalak, armak, elementu ikonografikoak, fauna hondakina, tresnak... aurkituko ditu bisitariak. Materiala osatuz, marrazki eta mapa berriak ere egin dituzte, bisualki argiago izan dadin erakusketa.
Hiru une kronologikotan antolatzen da erakusketa, guztiak lurraldearen inguruan, mapa eta ondare balio handiko pieza arkeologiko zein historiko nabarmenak barne.
Zer izan zen Gipuzkoa hastapenetan? Zer esan nahi du ‘Gipuzkoa’ izenak? Zergatik aipatu zen lehenbiziko aldiz 1025ean? Halako galderei erantzuten saiatu dira lehen zatian.
Bigarren zatian lurraldearen eta erakundeen finkatzea ikusten da. Hainbat pieza esanguratsu kokatu dira: Idiakeztarren armarria, XV-XVI. mendekoa; XV. mendeko bonbarda ikusgarria edo Berastegiko kutxa ederra -fabrikazio eta dekorazio moduagatik berezia-, San Telmoren bildumakoak; 1379ko Batzarraren akta liburua eta “Bolloien Liburua”, Ermandadeari buruzkoa, bi hauek Gipuzkoako Artxibo Orokorrekoak. Erakusketako beste pieza azpimarragarrietako bat Jeronimo de Larrearen goi-erliebeak dira, Gipuzkoako armarriaren irudikapen mitologikoa eskaintzen dutenak.
Hirugarren zatian aldaketa garaia islatzen du erakusketak. Gipuzkoako maketa handi batek arreta ematen du. Lurraldea ikus daiteke, gaur egungo 88 herriekin eta ibai eta mendi nagusiekin. 6x 5 metroko pieza da, egurrez zizelkatua, 1951n San Telmon aurkeztua. Etorkizuneko industrialdeak, bizitegi garapenak eta komunikazio bideen trazadura berritzea, trenbideena zein autobideena finkatu ziren, 50 urtera -2000an- probintziaren ikuspegia erakusteko.

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk
