Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
SABIJA ( OPERACIÓN SABRE)

Botereari, justiziari eta egiaren bilaketari buruzko gogoeta

Zoran Dindic Serbiako lehen ministroa izan zen 2001etik, erail zuten arte 2003an. Behin-behineko gobernuak larrialdi egoera ezarri ondoren, “Sabre operazioa” deiturikoak gertakariak argitu nahi izan zituen, eta herrialdeko krimen antolatuaren jardueretan murgildu zen. Baina zenbait talde politikok eta Human Rights Watch-ek, Amnesty Internationalek eta halako erakunde askok giza eskubideen aurkako gehiegikeria basatiak salatu zituzten. Operazio horren aitzakiarekin, 11.600 pertsona baino gehiago atxilotu zituzten. Testuinguru asaldagarri horretan idatzi dute “Sablja” (“Operación Sabre”) lanaren gidoia, eta atentatuaren aurreko eta ondorengo bi denbora lerrotan garatu dute magnizidioaren kontaketa nagusia.

Istorioa pantailaratzeko orduan zuzendaritza soil baten aldeko hautua egin dute. Soiltasun horretan 70eko hamarkadako Europako zinema politikoko klasikoen oihartzunak ageri dira: Costa-Gavrasen “Z” eta Francesco Rosiren “Il caso Mattei”, besteak beste. Narratiban gordintasun eta benetakotasun sentsazioa indartzen duten tonu hotzek eta argiztapen naturalistak markatzen dute argazkilaritza lana. Ez dago gehiegikeria estilistikorik, ezta apaindura bisualik ere. Formaren aldetik arrunta, soila eta klasikoa da. Egiazkotasunaren alde, albo batera utzi dituzte handikeria artistikoak.

Gertaera historikoen kontakizun soil bat izateaz gainera, botereari, justiziari eta egiaren bilaketari buruzko gogoeta bat da “Sablja” (“Operación Sabre”). Lehen ministroaren hilketaren inguruko istorioa du oinarri, baina aldaezina den sistema bati buruzko erradiografia ere bada, edozer aldatzen saiatzen den edonor bihurtzen baita mehatxu sistema horretan.