GARA

Auschwitzen itzali ez zituzten ahots bizi bakanak, liberaziotik 80 urtera

Gaur bete dira 80 urte erregimen naziaren sarraski eremurik handienaren liberaziotik. Milioi bat pertsona baino gehiago hil zituzten Auschwitzen, eta bertatik bizirik atera zirenetako asko zendu dira jada, zortzi hamarkada igarota. Bizi diren horiek, baina, memoria gordetzeko setaz ari dira, ahal bezainbeste hitz eginez.

Auschwitz esparruaren irudia, alanbrezko hesiez inguratuta.
Auschwitz esparruaren irudia, alanbrezko hesiez inguratuta. (Dominika ZARZYCKAKontaktua | EUROPA PRESS)

Alemania naziak okupatutako Poloniaren hegoaldean, Auschwitz, kontzentrazio eta sarraski eremurik handiena, askatzera iritsi zen Armada Gorri sobietarra gaur 80 urte, 1945eko urtarrilaren 27an. Ordurako, bost urtetan, milioi bat pertsona baino gehiago hil zituzten bertan, juduak gehienak, eta handik salbu atera zirenen ahotsak itzaltzen doaz, zortzi hamarkada igarota.

Alta, ahotsak badira artean, eta memoriak iraun dezan dihardute boz goran hizketan. Evelyn Askolovitchena, adibidez. Andre frantses hau bost urte inguru zituenean deportatu zuten Vught eta Westerborkeko (Herbehereak) esparruetara, eta, gero, Bergen-Belsenera (Alemania). Hitz egitearen betebeharraz insistitu dio AFP agentziari, zeren, gogora ekarri duen moduan, biziraun zutenen «azken belaunaldiaren parte» da bera.

«Nola baimendu zuen munduak Auschwitz bat? Izan ere, [krimen] hori aurrez pentsatua izan zen», galdetu du Txileko Santiagotik Marta Neuwirthek, orain 95 urte dituenak. Hungarian jaio zen eta 15 urterekin deportatu zuten nazien sarraski esparrurik handienera.

«Zergatik?», egiten du itaun, halaber, Gyorgyi Nemesek Kanadatik. 97 urteko emakume hau Budapestekoa da eta Ravensbrück, Flossenbürg (Alemania) eta Mauthausenera (Austria) deportatua izan zen, hurrenez hurren. «Oraindik ez dakit zergatik gorrotatzen gintuzten hainbeste», dio, tamalak erasanda.

Sei milioi pertsona hil zituen erregimen naziak. Baina bizirik iraun zuten horientzat testigantza emateak zentzu bat eman die beren bizitzei. Ehun urte betetzear da Julia Wallach, eta zailtasunak ditu hitz egiteko. Ahotsa urratuta, dio: «Kontatzeko gogorregia da». Hasperen egin du Birkenaun bi urteko infernutik bizirik atera zen emakume paristar honek. Nazi batek gas ganbera batera zihoan kamioi batetik in extremis jaitsarazi zuen. Gogorra bada ere, bizi izandakoaren testigantza ematen jarraitu nahi du. «Ahal dudan bitartean, egingo dut», azpimarratu du.

AHAL BITARTEAN, HITZ EGIN

Hain zuzen, memoriak iraun dezan bermatzeko, Bratislavan jaiotako 92 urteko Naftali Furstek hitzaldiak ematen ditu Europako hainbat herrialdetan, «belaunaldi gazteek gertatutakoa inoiz ahaztu ez dezaten», dio. Lau esparrutan deportatuta egon zen -tartean Auschwitz-Birkenaun-.

Berdin egiten du Esther Senotek ere, Polonian jaiotako frantziarrak. Joan den abenduan, 97 urterekin, Poloniako negu latzari aurre egin eta Bigarren Hezkuntzako ikasle batzuei Birkenaura lagundu zien, han gertatu zena azaltzeko.

Auschwitzeko zelai nagusitik hiru kilometrora dago, eta bertan da, oraindik, «hautaketa-arrapala». Hara iristen ziren trenak. Hor dira, halaber, errausketa-labeak eta barrakoiak, arantzazko alanbreak eta zementuzko zutoinak inguruan dituztela.

Senotek 1944an Fanny ahizpari hiltzear zegoela egin zion promesa mantentzen du. Hil baino lehen, azken hatsean esan zion: «Nire azkenera iritsi naiz, ez du merezi, ez naiz harago joango. Itzultzea lortzen baduzu [...], gertatu zaigun guztia kontatuko duzula zin egin iezadazu. Historiaren ahaztuak izan ez gaitezen».

80 urte igaro dira, baina lekukoek zehatz gogoratzen dute erregimen naziaren izugarrikeria. Hainbat kontakizunetan, zelaietara baldintza jasanezinetan egindako bidaia amaigabearen oroitzapena errepikatzen da, abereak bezala bagoi beteetan giltzapeturik, janaririk gabe. «80 bat pertsona ginen, emakumeak, haurrak, adinekoak, kubo bat genuen gure beharrak egiteko, urik gabe geunden, ogirik gabe [...] animaliak bezala», dio, Alemanian, bere jaioterrian, 99 urteko Albrecht Weinbergek.

«[Auschwitzera] Iritsi ginenean, makiladun presoak zeuden, eta ‘kanpora!’ oihukatzen zuten. Zaharrak erori egiten ziren eta gazteak gainetik pasatzen ziren», gogoratu du Nate Leipcigerrek, Polonian jaiotako 96 urteko kanadarrak.

Presoak borrero nazien mende zeuden, lan gogorrak egitera derrigortuta. Albrecht Weinbergek lurpeko kableak instalatzen zituen Auschwitz-Birkenaun. «Lana hain zen gogorra, eta ingeniaria [...] hain zen basatia, ezen batzuetan hiru pertsona akiduraz hiltzen baitziren egun bakarrean», esan du.

Horri guztiari gosea gehitzen zitzaion. Marek Dunin-Wasowicz poloniarra, 98 urtekoa, Stutthof zelaira deportatu zuten (egungo Polonian dago). «Aste osoak pasatzen genituen ezer jan gabe. Benetako gosea zen. Zorabiatu egiten nintzen goseak nengoelako», kontatu du.

AHANZTURAREN BELDUR

Laurogei urte geroago, haien lekukotasunek balio al dute? Nazien garretatik bizirik atera ziren azkenek egungo munduak eragiten dien larritasuna adierazi diete AFPri. «Ez nuen espero 80 urte geroago Holokaustoa gogoratzea hain garrantzitsua izango zenik. Baina hala da. Mundu osoan antisemitismoak izan duen gorakada izugarriaren ondorioz», adierazi du Nate Leipcigerrek.

Ahanzturaren beldur handia ere badago. Zehazki, «historiaren memorian itotzearen» beldurra aipatu du Pinchas Gutterek. Edo sare sozialen jario etengabean, dio Eva Shainblumek.

«Gazteak dira gure itxaropen bakarra», esan du Marek Dunin-Wasowiczek: «Hil zirenak ez ezik, gertatu zena ere gogoratu behar dute, hori berriro gerta ez dadin».