43 urte dituela eta 30 txapela lortuta, agur esango du Urrizak
2007an debuta egin zuen egun berean, urtarrilaren 27an, erremontea utziko duela jakinarazi du Javi Urrizak. Oraindik kantxetan zeresana emango du, ekainaren bukaerara arte luzatuko duelako jarduna. Hunkituta agertu da; batez ere, aita aipatzean.

Azken urteotan erremontean txapela gehien eskuratu duen pilotaria badoa: Javier Urriza. Urtarrilaren 27 honetan Atzo jakinarazi zuen, baina agurra ez da oraindik gauzatuko, ekainaren amaieran baizik, Galarretan. Jarduera Euskal Jai Berrin abiatu zuen iruindarrak bertan itxiko du bere zikloa.
Bidean 30 txapela batu ditu; horietatik zortzi buruz burukoan. Dena esanda dago horrekin. Hemezortzi urtean aritu da profesionaletan. Kirolari osoa izan da Javier Urriza; izan ere, aurrekariak ikusita beste jarduera batzuetan ere lorpen handiak eskuratzeko dohainak izan bazituen.
Erremontera palatik heldu zen Iturramako mutila, edo paletatik, hobeto esanda, horretan nabarmendu baitzen hasieran. Pala luzean profesionala izatera bideratua zegoela zirudienean, Euskal Jai Berrin proba egin eta ondo egokitzen zela ikusita, hori hautatu zuen. Ez ziren oker ibili hori proposatu zioten pertsonak. Garai hartan Koteto Ezkurrak uzten zuen hutsunea bete egin duela esan daiteke.
Erremontari txapelketaren ostean gauzatuko da agurra. Ekainaren 28an kokatu dute bere azken lehia. Bada oraindik eskumutur kolpe horrekin gozatzeko aukera, beraz.
LESIOAK ETA COVID-A
Azken urteak ez dira errazak izan, zenbait lesioren ondorioz, eta horrek Ezkurraren marka berdintzea (hamaika txapela buruz burukoan) eragotzi dio Javi Urrizari.
Pandemiak ezarritako geldialdiak moteldu zuen bere abiada, ordura arte frontoi luzeetan jaun eta jabe izan ostean. 2021. urtean GARAri emandako elkarrizketa batean hau nabarmentzen zuen: «Mamuak nonbait ikusten nituen covid-aren ondoren; neure burua fisikoki makal nabaritzen nuen». Hala ere, hamargarren finala jarraian jokatu zuen urte hartan. Eta 2022an eskuratu zuen azken txapela (2012an lehena).
1.200 PARTIDA BAINO GEHIAGO
«Agur bira» moduko bat egingo du Oriamendik Urrizaren azken jokaldiei ahalik eta distira gehien emateko. Hamaika hitzordu iragarri zituen atzo, eta guztien artean Galarretan izango ez den bakarra nabarmendu du: Labriten, bere hiriko pilotalekuan, jokatuko du apirilaren 11n.
Gainera, webgune berezia abiatu dute, honen berri emateko eta Urrizaren jarduera nolabait biltzeko. Bertan, pilotariak berak eskainitako mezua: «18 urteko ibilbide profesionala zoragarria izan da. Baina hau ez da behin betiko agur bat, profesional moduan jokatuko ditudan azken partidez gozatu nahi dut. Konbentzituta noa, gustura, bizi izandako guztiagatik pozik, lortutakoarekin harrituta baina, batez ere, eskertuta».
Norgehiagoka hauekin 1.200 partiden langa gaindituko du Iturramakoak; izan ere, gaur arte 1.199 jokatuak ditu dagoeneko. Emozioari eutsi zion Javi Urrizak agurra iragartzeko tenorean, baina ahotsa zertxobait urratu zitzaion aita gogora ekarri zuenean. Kirolarekin maitemintzera bultzatu zuela aipatu zuen. Horrekin batera, egindako ibilbide osoarekin oso pozik agertu zen, denei eskertua, eta erremontearen edertasunarekin oraindik txundituta.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
