GARA
BILBO

Bilboko mobilizazioari segida eman diote azken ostiralean, 2025a begiz jota

Gatazkaren ondorioak gainditze aldera, berebiziko garrantzia izan dezake abiatu berri den urteak. Hori nabarmendu zuten duela hiru aste Bilboko kaleetan eginiko manifestazio handian eta asmo hori berretsi zuten atzo urtarrileko azken ostiraleko elkarretaratzeetan ere. Guztira, 3.000 pertsona mobilizatu ziren 60 herritan.

Azken ostiralean Bilbon egin zuten mobilizazioaren irudia.
Azken ostiralean Bilbon egin zuten mobilizazioaren irudia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Sarek eta Etxeratek eginiko deialdiari jarraiki, 3.000 lagun atera ziren kalera urtarrileko azken ostiral honetan han eta hemen, Euskal Herriko 60 herritan. Urte berria indartsu hasi da, presoak etxera ekartzeko asmoari dagokionez, baita gatazkak utzitako gainerako ondorioak gainditzeko ere. Helburu hori berretsi zuten dozenaka elkarretaratzetan.

«Bilboko kaleak betez hasi genuen urtea, aurrez 2024ari herrialdeetako mobilizazioekin zein auzo eta herrietan egindako mobilizazioekin amaiera eman geniolarik», agertu zuten azken ostiraleko mezuan, urtarrilaren 11n Bilbon egin zen manifestazioari aipamena eginez.

Azken ostiraleko mobilizazioetan zabaldu zen mezuan adierazi zutenez, 2024. urtearen amaieran esan zuten «euskal preso, iheslari eta deportatuen etxerako bidean aurrerapauso handiak eman genituen urtea» izan zela. Hala ere, orduan aurreratu zuten bezala, nahiago dute 2025ari begira jarri: «Urte berriari bide berean sakondu eta behin betiko gatazkaren ondorioen konponbidea bururaino gauza zedin eskatzen geniola aipatu genuen».

«Urtarrilaren 11n diskurtso berarekin jo genuen Bilbora, Casillara, Autonomiara, Zabalburura… Milaka eta milaka euskal herritarrek Bilboko kaleak bete genituen behin betiko bakea, konponbidea eta elkarbizitza eskatzeko, behin betiko biolentzia ezberdinen biktimek merezi duten egia eta aitortza jaso dezaten eskatzeko, behin betiko euskal preso, iheslari eta deportatuek etxerako bidea urratu dezaten eskatzeko. Finean, urteetan zehar euskal gizartea kolpatu zuen gatazkaren ondorioak behin betiko amai daitezen eskatzeko», oroitarazi zuten Etxeratek eta Sarek.

«‘Behin betiko etxera’ abestu dugu urte hasieran leku ezberdinetan, Oiartzungo bertso saioan eta Etxarriko Zama Doinuz Arinduz-en, adibidez», aipatu zuten.

Azken ekimen horretan sakonduz, bihotzez eskerrak helarazi zizkieten euskal presoen etxeratzea doinuz arindu dutenei, «horrenbeste urtetan isilpeko lanean» aritu diren horiei.

AURTEN, BULTZADA HANDIA

Ahalegin hauek guztiak batuta, ortzi-muga berretsi zuten parte-hartzaileek, presoen etxeratzean jarria. 2025 honetan zentzu horretan bultzada handia emateko aukera dagoela ziurtatu zuten.

«Argi utzi nahi dugu behin betiko konponbidearen alde lanean jarraituko dugula, euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen alde jarraituko dugula lanean, eta hori eskatzen diogu euskal gizarteari ere; hori eskatzen diegu sindikatuei, alderdiei, eragile sozial eta politikoei. Estamentu politiko eta judizialei ere salbuespen legeak amaitzearen alde lanean jarrai dezatela eskatzen diegu, eta salbuespena amaitzeko egin diren lege aldaketak aplikatzen has daitezela eskatzen diegu», aldarrikatu zuten herriz herri.