Babes ofizialeko 5.000 pisutik gora eraikitzeko proiektua Donostian
Donostiako Udalarekin babes ofizialeko 5.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzeko erdietsitako akordioa iragarri zuen atzo Lakuako Gobernuak. Denis Itxaso sailburuaren esanetan, «historikoa» da hitzarmena, eta «hau hasiera baino ez da».

Lakuako Gobernuak eta Donostiako Udalak babes ofizialeko 5.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzeko «akordio historiko bat» iragarri zuten atzo. Egitasmoa posible egiteko, hamabi udal-lurzati laga dizkio Donostiak Exekutiboari, hirian «gero eta handiagoa den etxebizitza eskariari erantzuteko».
Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu zuen. «Argi dagoena da erakundeen arteko egungo lankidetzaren erritmoa eta maila, alokairuko babes ofizialeko etxebizitzen parkea nabarmen handitzeko, ez zela nahikoa, eta Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza-zorroa eskuratu eta berehala egin genuen lehen diagnostikoa dela», aitortu zuen.
Akordioak hiriko lursail estrategikoetan etxebizitzak sustatzea aurreikusten du, besteak beste, Auditz Akularren, Loiolako Kuarteletan, Txomiñenean, Martutenen eta Easoko trenbidearen eremuan.
Ekimenari esker, Etxebiden erregistratutako alokairuko etxebizitza babestuen 7.000 eskatzaile ingururen zati handi bati erantzun ahal izango zaiola nabarmendu zuen Lakuak ohar bidez.
«Inoiz ez da horrelako plangintzarik onartu bi erakundeen artean», goraipatu zuen Itxasok operazioa. «Donostian alokairuko babes ofizialeko etxeen ia 7.000 eskatzaile Etxebiden erregistratuta ditugula kontuan hartuta, Udalarekin adostutako ibilbide-orri honek eskariaren ehuneko oso altuari aurre egiteko aukera ematen digu. Eta hau hasiera baino ez da», azaldu zuen sailburuak.
Legealdia hasi zenetik, Gobernuak eta Donostiako Udalak etxebizitzaren arloko ahaleginak handitu dituztela azpimarratu zuen, ikuspegi bateratua dutelarik: «Hiriko etxebizitza babestuen parkea nabarmen handitzea».
«Behin eta berriz errepikatu dugunez, etxebizitzaren arazoak konponbidea du, eta akordioa eta ituna dira benetako asmo handiko helburuak lortzeko bide bakarra», adierazi zuen Denis Itxasok.
Imanol Pradalesen Exekutiboak, gainera, hirigintza-izapideak arintzeko borondatea agertu zuen, aipatutako proiektuak ahalik eta lasterren gauzatzeko. «Orain erritmoa ezarri behar diegu hirigintzako izapideei, administrazioen arteko funtzioen banaketari eta proiektu eta obren lizitazioari», ziurtatu zuen, eta berretsi zuen Gobernuak konpromisoa duela etxebizitza horiek «azkar eta eraginkortasunez» egiteko. «Anbizioak eta arriskuak hartzeak bakarrik jarriko gaituzte arrakastaren bidean», esan zuen sailburuak.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
