Ion GARATE
DONOSTIA
Elkarrizketa
Mikel mancisidor «manci»
Puntista

«Erkiaga saihestuz eta orain arte legez jokatuta, gure aukerak izango ditugu»

Mikel Mancisidor «Manci» (Mutriku, 1999), Winter Serieseko finalista gazteena izango da aurten. 25 urte bete zituen abenduan eta bere bigarren aldian lortu du finalerako sailkatzea, aurreko koadroetan Ludovic Laduche on bat lagunduta. Otsailaren 16ko finalean lehiatuko diren bi bikoek gaur neurtuko dituzte indarrak, finalerdietako azken-aurreko partidan.

(Marisol RAMIREZ | FOKU)

Familia, lagun eta gertukoek emozioari ezin eutsita zeudela besarkatu zuten Mikel Mancisidor “Manci” joan den asteleheneko partida bukatu berritan. Winter Serieseko finalerako txartela eskuratu zuen, Ludovic Laduche lagun zuela. Mutrikuarrak bigarren aldia du Gernikako txapelketan -«gaur egun dagoen txapelketa garrantzitsuena da»- eta «ezin sinetsita» bukatu zuen lehia erabakigarria. Ez zen multzoen fasean bezain eroso sentitu, tentsioak ere eragina baitauka berez hainbeste urduritzen ez den puntista batengan ere. Noski, «pozik» dago finalerako sailkatuta.

Txapelketa hasi aurretik finalean izango zinetela esan izan balizute, sinetsiko al zenuen?

Ez. Txapelketa aurkeztu zutenean bikote gogor asko zeuden; Erkiaga-Ibarluzea faborito ikusten zen hasieratik, Barandika-Lopez ere bai eta gainontzeko bikoteak nahiko parekatuta geunden. Lan ona eginda bagenekien lor genezakeela eta, begira, lortu dugu.

Bi jokotan nagusitu zineten Urreisti-Gorkaren aurka. Partida osteko adierazpenetan aipatzen zenuen zertxobait lotuta, askorik gozatu gabe, ibili zinela.

Bai, Winter Serieseko finalerako txartela jokoan dagoenean, nahitaez, tentsioa dago. Gorputzean urduritasun puntu hori igartzen nuen. Bai aurreko jardunaldian, bai aste honetakoan, igarri dut ez dudala jokatu ligaxkan bezain solte, urduritasunagatik. Ezin dominatuta ibili nintzen baina, tira, ez genuen hutsegite askorik ere egin eta horri esker irabazi genuen.

Txapelketan emaitza onak pilatu dituzue, finalean zaudete. Oro har, zein sentsazioekin ibili zara?

Ligaxkako partida guztiak asko disfrutatu ditut. Puntu onean iritsi nintzela uste dut; bai fisikoki eta baita kantxan ere oso eroso sentitu nintzen. Gainera, Laduchek atzetik aurrera egin du. Lehen partida galdu genuen, itzelezko partida jokatu genuen, eta gainontzeko bi partidetara akatsak zuzenduta jokatzera iritsi ginen. Finalerdietan, Laduchek maila berdinean jarraitu du eta nik nire papera bete dudala esango nuke, nahiz eta ez dudan lortu guztiz disfrutatzea. Nahiko erregularrak izan gara.

Laduche aipatuta, zer moduz berarekin?

Ez dugu elkarrekin jokatzeko aukera askorik izan, Danian jokatu genuen behin. Harreman ona daukagu eta nik uste dut hori kantxan islatu dugula. Komunikatu egin gara, asko hitz egin dugu, partidak elkarrekin planteatu ditugu, elkar ulertu dugu... Bakoitzak jakin du noiz eraman behar zuen partidako erritmoa eta horrek guztiak partida txukun bat jokatzera eramaten zaitu.

Finalean, Erkiaga-Ibarluzea aurkari. Bikote faboritoa da; ez da erronka samurra izango.

Ez. Badakigu Aritzek nola jokatzen duen. Nahiz eta ez dagoen bere mailarik onenean, Gernikan hutsune asko daude eta Aritzek alboko jokoa oso ondo menperatzen du. Edozein lekutatik sar lezake tantoa. Txapeldunak dira. Ibarluzeak ere txapelketa ona jokatu du. Aritz saihestuta eta orain arte bezala jokatzen badugu, gure aukerak izango ditugu.

Finalaren aurretik, bihar aurkari berberak lehiatuko zarete. Beste lasaitasun batekin jokatuko duzue, ezta?

Bai. Biok gaude finalerako sailkatuta, baina pilotalekua astelehenero goraino beteta egoten da eta guretzat ere konpromiso bat da. Guk gure maila eman beharko dugu, partida on bat egiten saiatuko gara eta publikoa gustura ateratzea da helburua. Une egokia izan daiteke gauza berriak probatzeko eta finalera begira konfiantza hartzeko; oso garrantzitsua izango da sentsazio onekin iristea.

Finalerako sarrera guztiak ziztu bizian saldu ziren. Giroa ez da faltako!

Izugarria da hau. Astelehenero ikusten dugu sarrera guztiak saltzen direla, sekulako giroa egoten da pilotalekuan, eta hori kantxan barrutik eskertu egiten da. Lagunak, familia... denak bertan izango dira eta giroa izugarria izango da.

Nola baloratzen duzu zesta punta azken urte hauetan izaten ari den gorakada?

Olatu gainean nago. Inguruko herri askotan ume asko hasi dira zesta-puntan, telebista sartu da, pauso garrantzitsua, umeak gogotsu daude, jende gazte asko doa frontoira, giro oso ona sortzen da eta hori oso erakargarria da denontzat. Mota askotako publikoa doa pilotalekura (ume, gazte, heldu) eta guk publikoarekin disfrutatzen dugun moduan disfrutatzen dute beraiek gurekin.