Hiru talderen itzulera, Hatortxuri «agur» berezi bat egiteko
Euskal Herriko hiru talderen itzulera iragarri zuen atzo Hatortxu Rockek. Iruñeko Buitraker, bi hamarkadaren ondotik eszenatokietara bueltatuko dena Lakuntzako jaialdian, Autobus Magikoa oiartzuarrak, oholtzetatik kanpo zazpi urte daramatzatenak, eta Never Surrender arrasatearrak, sei urteren ostean berriz agertuko direnak. Baina ez dira Hatortxuren agurrerako itzuliko diren talde bakarrak.

Iragan ekainean, agurra iragartzearekin batera, hau «ezin bereziagoa» izango zela aurreratu zuen Hatortxu Rockek. Eta esaldi hori edukiz janzten hasi da. Buitraker, Autobus Magikoa eta Never Surrender taldeak eszenatokietara itzuliko dira elkartasun jaialdian, uztailaren 24tik 27ra Lakuntzan eginen duten agur ekitaldian.
Zita errepikaezin bat antolatzeko lanetan ari dira Hatortxu Rockeko kideak, abenduan Atarrabiari agur esan ondoren. Azken edizio horretan eskaintza berezi bat taularatu nahi du elkartasun jaialdiak eta, beste batzuetan egin bezala, hainbat talde berreskuratuko dituzte.
BUITRAKER
Astearte honetan aurreratutako lehena Buitraker izan zen. Iruñeko euskal musika taldea izan zen, 1992an sortua, rock eta metal musika jorratu zuena. Baina nortasuna soinu elektronikoek eman zioten, ‘FMI’ bezalako abestiak askoren ereserki bihurtu arte. 2006ko azaroaren 7an igo ziren eszenatoki batera azkenekoz, eta orain Hatortxuri «agur» esateko elkartu dira, ia bi hamarkada geroago.
Taldeko kidea den Iñigo Orduñak, albistea ezagutzera eman eta gutxira, honela idatzi zuen sare sozialetan. «Konfirmatu egiten dut. Uda honetan itzuliko gara eta Nafarroako jaialdirik handienean eta garrantzitsuenean joko dugu (jo, hitz egiteko modu bat da). Eta, esan dudan bezala, "erdipurdikoak bakarrik itzultzen dira"».
«EZIN EZETZ ESAN»
Aipatu moduan, bigarren itzulera Autobus Magikoa talde oiartzuarrarena izango da. Taldeko Gotzon Retegi NAIZ Irratian izan zen atzo, eta bertan eman zuen albistea. Sareko erreprodukzioei so eginda, argi dago batek baino gehiagok pozez hartuko duela itzulera honen albistea. Hilero, Spotifyn, esaterako, 24.700 entzule ditu talde gipuzkoarrak. «Bai, harrituta, nola jendeak entzuten jarraitzen duen».
Taldea 2015ean sortu zen, eta 2017an ‘Musker’ lana argitaratu zuten. Gipuzkoan fenomeno bihurtu ziren urte horietan, euskal reggae musika ardatz zutela. Azken kontzertua 2018ko martxoan izan zuten, Ernai gazte antolakundeak Oiartzunen egindako Gazte Akelarrean.
Duela hamarkada bat «ahoz ahoko marketina» izan zen gakoa, Retegiren hitzetan. Orain Hatortxun oholtza izango dute: «Aspalditik genuen presio hori, 10. urteurrenarekin. Eta Hatortxuren azken edizioarekin koinziditzen du. Aukera eman ziguten, eta ezin ezetz esan».
Talde gisa Hatortxun sekula egon gabeak dira Autobus Magikoko kideak, eta itzulera hau nola gauzatu den azaldu du NAIZ Irratian. «Haiek hurbildu ziren gure itzuleraren desira horrekin, edo fantasia horrekin, hobe esanda. Errespetu eta harrotasun keinu bezala hartu genuen, egia esan». Eta beste bi albiste ere utzi zituen Retegik: hasierako formazioarekin itzuliko dira «baina sorpresatxoren batekin» eta Oiartzunen, etxean, beste emanaldi bat ere prestatuko dute, oraingoz datarik gabe.
NEVER SURRENDER
Astearte honetan iragarritako azken banda Never Surrender izan zen. Arrasaten sortu zen punk-oi banda 2002 urte hasieran. Lehenengo kontzertua urte hartako azaroan eman zuten. Azkena, berriz, 2019an.
Jaialdiko sarrerak salgai daude Hatortxu Rocken webgunearen bidez. Oraindik xehetasun handirik ez den arren, festibalak aurreratu du musikaz eta elkartasunez jositako lau egun eta lau gau izango direla Sakanako herrian. 2017an Lakuntzan bertan egin zuten 20. edizioaren antzera.

«Leiala izan naiz aita sinboliko eta ez sinbolikoekin, kosta zait apurtzea»

«Díaz y Errejón son distintas fases de una operación contra la izquierda»

«El Inhumano», señalado por tortura en Via Laietana y en Gipuzkoa

Disney diluye su compromiso con las minorías y la igualdad
