Ramon SOLA

Sololuze eta Beltran oroitu eta ardurak eskatuko dituzte igandean Zaldibarren

Bihar bost urte beteko dira bi langileren heriotza eragin zuen Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gertatu zela. Auzi nagusia oraindik epaiketara bideratu gabe dago, eta ondorioz ardurak ez dira zehaztu. Zaldibar Argitu ekimenak ekitaldia egingo du igandean, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze oroitu eta erantzukizunak eskatzeko.

Hildako bi langileen omenez Zaldibarren dagoen oroitarria.
Hildako bi langileen omenez Zaldibarren dagoen oroitarria. (Gorka RUBIO | FOKU)

Bost urte igaro dira Zaldibarko Eitzagako zabortegia goitik behera amildu zenetik, 2020ko otsailaren 6an hain zuzen ere. Ezbeharraren ondorioz bi langile hil ziren, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran, eta urtemuga honetan gogoan izango dituzte, Zaldibar Argitu ekimenak iganderako deitu duen ekitaldian. Eitzagan egingo dute 12.30ean.

Horrekin batera, gertatutakoa auzitegietan argitzeko urrats erabakigarria egin dezatela eskatuko dute plataformako kideek. Izan ere, bost urte igarota, oraindik instrukzio fasean dago auzi nagusia, ingurumenaren aurkako delituei dagokiena. «Zenbat denbora behar dute instrukzioa amaitu eta ondorioak plazaratzeko?», galdetu du herri ekimenak. «Gu geu gogaituta gaude», aitortu du hedabideei igorritako oharrean.

Aspaldi ez dago berririk Durangoko Auzitegitik. 2023ko ekainean aditzera eman zenez, hamahiru lagun auzipeturik ziren jada. Haien artean, zabortegiaren jabe zen Verter Recycling enpresaren arduradunak, geologoak eta kontsultoreak, bai eta Lakuako Administrazioaren hiru teknikari ere. Honek kontrol prozeduretan akats nabariak izan zirela frogatzera eraman lezake, baina, esan bezala, dena argitu gabe dago momentuz.

Zaldibar Argituren ustea hau da: «Enpresarien diru goseak eragin zuen. Baina ez horrek bakarrik. Enpresariek egin zituzten astakeria guztiak, zabortegiaren jarduera kontrolatu behar zuen Eusko Jaurlaritzak ahalbidetu zielako egin zituzten». «Eusko Jaurlaritzako inork ez du ardura txikiena ere bere gain hartu», oroitarazi du bide batez.

Instrukzioa urte erdi oro luzatzen ari da, behin eta berriz; azkena azaroan izan zen, eta aurtengo maiatzera arte irekita segituko du. Auziaren konplexutasun teknikoa da argudioa. Azpeitiko Auzitegian “Bidegi auzia” delakoarekin gertatu zenarekin parekatu daiteke: honetan ia bederatzi urte joan ziren, ikerketan ia ezer aurreratu gabe, argitu gabe ixteko erabakia eman zen arte (Gipuzkoako Auzitegiak berriz abiarazi du gero).

EREMUA ZIGILATUTA, VERTER DE- SEGINDA

Bitartean urte hauetan egindako urratsek ikerketa eta erantzukizunak leporatzeko prozesua oztopatu dezakete.

Batetik, hondamendiaren eremua zigilatu behar izan dute, istripu gehiago ekiditearren. Lurrak jasan zuen presioa gogora ekartzea ez dago sobera: 2011n zabaldu zen zabortegiak 35 urtetan betetzeko aurreikuspena zekarren, baina hamaika urtetan gainezka egin zuen, erakundeen aldetik inolako mugarik jarri gabe.

Datu adierazgarri pare bat emateagatik, 2012an 185.000 tona zabor hartu zituen Eitzagako zabortegiak baina 2018an eta 2019an 500.000tik gora tona jasotzen ari ziren bertan. Zenbait lekukok adierazi dutenez, «dena hartzen zuen». Txosten ofizialetan ageri da 23 irregulartasun pilatu zituela baina, denak arinak zirelakoan, ez zitzaion Verterri inolako debeku edo zigorrik ezarri. Bigarren datua: Verterrek 2017an irabazi zuen dirutza Lakuak urte berean hondakinak tratatzeko aurrekontua baino altuagoa izan zen.

Bestetik, Verter enpresa desegiteari ekin diote jada urte hauetan. Lakuak 28 milioi euro eskatu dizkio, bi gorpuen bilaketan eta eremua egonkortzeko lanetan gastatutakoa alegia, baina bistan da ez duela enpresaren aldetik erantzunik izan, ezta izango ere.

Verterreko arduradunak epaituen aulkian eseri gabe heldu dira 2025era. Jakina denez, lehenengo auzian (lan istripua ardatz zuena) Beltran eta Sololuze sendiekin akordio batera heldu ziren. Honen bidez sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri zitzaien Jose Ignacio Barinaga jabeari, Arrate Bilbao gerenteari eta Juan Etxeberria ingeniari buruari, baita 2,75 milioi euroko kalte ordaina ere.

Bazirudien bigarren auziari ematen zitzaiola nagusitasuna, baina hau denbora zehar luzatzen eta iritzi publikoan desagertzen joan da.