GARA
USURBIL

Usurbilen herriko zaintza ereduari buruz jardungo dute martxoaren 29an

Usurbilgo Udalak zaintza ereduaren inguruan egindako lanketaren emaitzak aurkeztuko ditu “Usurbil, herri zaintzailea” ekitaldiaren bidez, martxoaren 29an. Atzo aurkeztu zuten eta aurreratu zuten arreta ereduaren eraldaketa, ekosistemaren osagaiak eta herrian martxan dauden ekimen komunitarioak ezagutzeko aukera izango dela.

Udalak «zaintza eredua eraldatzeko lanketan» zenbait urte eman dituela adierazi zuen Agurtzane Solabarrieta alkateak. 2021-2022 artean partaidetza prozesu bat egin zuten, eta 2023-2024 urteetan eredu berriaren inplementazioari ekin ziotela azaldu zuten aurkezpenean. Orain, «arreta eredua eraldatzeko unea» dela ohartarazi zuten.

DOKUMENTALA ETA FORMAKUNTZA

Ekitaldiak lau zati izango ditu, eta Sutegin egingo dute. Lehenengo, “Usurbil herri zaintzailea” izeneko dokumentala estreinatuko dute. «Herri proiektu honetan parte hartu duten herritarrak eta eragileak dira protagonistak», aipatu zuen alkateak.

Ondoren, arreta ereduaren eraldaketaren inguruan mintzatuko dira eta «bizi planen» aurkezpena egingo dute: «Zerbitzuak edo baliabideak eskaintzetik pertsona bakoitzari egokitutako eta modu parte- hartzailean osatutako bizi planak zer diren azalduko dute».

Horretarako, Solabarrietak argitu zuen Udaleko gizarte-langileek etengabe formakuntza jaso dutela, «begirada aldatzen, lan tresna berriak eraikitzen eta zaintzen alorrean ditugun zerbitzuen artikulazioa, koordinazioa eta lanen sistematizazioa bermatuko duen antolaketa eratu dugu», esan zuen.