G.I.
HERNANI
DANIELA FOREVER

Ametsaren eta errealitatearen artean

Nacho Vigalondo zuzendariaren “Daniela Forever” bere ibilbideko bosgarren film luzea da.

Bizitzak zentzu guztia galdu du Nicolasentzat Daniela bikotekidea galdu ostean. Egun batean, bere ametsak kontrolatzea ahalbidetuko dion saiakuntza kliniko batean parte hartzera gonbidatuko dute, eta baietz esango du bere onera etortzeko itxaropenez. Baina amets horietan betiko galtzeko arriskua dago.

Bi mundu horiek irudikatze aldera, Vigalondok Betamax kamera zahar bat erabili du errealitatea filmatzeko, eta 4:3 formatua baliatu du; ametsetarako, aldiz, egungo kamera modernoak, bereizmen handia eta formatu panoramikoa dutenak.

«Kontzeptu aski interesgarri batekin dator Nacho Vigalondo; oso ongi egindako filma da. Melodrama erromantiko bat da, baina fantasia kutsu batekin uztartzen da guztia. Protagonistak ahalmena du zendu den bikotea berreskuratzeko ametsen bidez, eta pilula batzuk erabiliz. ‘The Substance’ filmaren antzeko abiapuntua du, baina guztiz ezberdinak dira bi filmak», azaldu zuen Josemi Beltranek, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko astearen zuzendariak, NAIZ irratiko ‘‘Bideokluba’’ saioan, filma bertan aurkeztu zutenean.