«Zorretan» antzezlanak irabazi du XXV. Donostia Antzerki Saria
Donostia Antzerki Sariaren irabazlearen berri eman zuten atzo. Hika teatroaren “Zorretan” antzezlana izango da saritua. Emanaldi berezia egingo dute martxoaren 27an, Victoria Eugenian, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean. Gai sakonak umorea eta absurdoa erabiliz landu izana baloratu du epaimahaiak, baita gaiei eta formari dagokienez «ikuspegi berezia» emateko egindako ahalegina txalotu ere.

Hika Teatroaren “Zorretan” antzezlanak eskuratu du Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak antolaturiko 25. Donostia Antzerki Saria. Epaimahaiaren iritziz, lan hori izan da 2024an helduentzat antzerki konpainia profesional batek Donostian eta euskaraz eskainitako antzezlanik onena. Agurtzane Intxaurragak idatzi eta zuzendutakoa da, eta obra Miren Gaztañagak, Jabi Barandiaranek eta Iñake Irastorzak antzezten dute.
Norka Chiapussok, Donostia Kulturako Dantza eta Antzerki sailaren zuzendari teknikoak antzezlan irabazlearen berri eman zuen atzo, eta berak irakurri zuen epaileen balorazioa. Epaimahaiaren iritziz, modu oso egokian jorratu dituzte gai sakonak: amatasuna, ama-alabaren arteko harremana, zaintza, maitasuna, dolua… «Eta gai hauek planteatzeko modu eta ikuskera ugari erabili ditu egileak», azaldu zuen. Konpainiak «Zaintzari eta maitasunari buruzko tragikomedia absurdo eta poetiko» gisa definitzen du antzezlana.
Epaimahaiak «gaiari buruzko beste begirada bat landu nahi izana» aintzatetsi du, eta gaineratu zuen zaintzari edo maitasunari buruz gizartean errotuta dagoen iritzia edo ikuspegia zalantzan jartzen duela antzezlan honek, hausnarketara bultzatuz. «Gainera, gaia hain sakona izanik, absurdoa eta umorea erabiltzen dira publikoarengana hurbiltzeko modu ezin hobean», irakurri zuen Chiapussok .
Antzezlanean «jakin-minak bukaerara arte irautea» ere aipatu zuen epaimahaiak. Eta antzezleen lana nabarmendu: «Antzezleek indar handiz eta irudimenez beterik taularatu dute lana. Umorea, absurdoa eta drama uztartzeko gaitasun paregabea dutela erakutsi dute». Azkenik antzerki lanaren «osotasuna, zuzendaritza lana eta testuaren egokitasuna» goraipatu du epaimahaiak.
IKUSLEA, SARIRIK ONENA
Intxaurragak antzezlana ikustera hurbildutako jende guztia eskertu zuen, «jendea erakartzea da sari handiena».
Bera izan da gidoigilea eta zuzendaria, eta aitortu zuen zalantza asko izan zituela testua idatzi ondoren oholtzara eraman edo ez. «Hasieran umorea lantzea zen nire asmoa, baina ezin diot uko egin bizitzari», adierazi zuen, eta, horregatik, zaintzaren eta maitasunaren inguruko hausnarketak tartekatzea atera zitzaiola argitu zuen. Taldekideek pozarren hartu zuten Donostia Antzerki Saria , «euskara erdigunean» jartzeari garrantzia eman behar zaiola esanez. Aurreratu zuten Max sarietarako sei izendapen dituztela: obrarik onena, zuzendari onena, egilerik onena, aktorerik onena, aktore emakumerik onena eta ekoizpenik onena.
Sormen prozesua «zoragarria» izan zen Gaztañagaren iritziz, bakoitzari «bere bideak asmatzeko irekita» egon baita Intxaurraga zuzendaria. Intxaurragak esan zuen konplexua zela prozesua, geruza askoko antzezlana delako, baina «prozesu dibertigarria» izan zela.
Irastorzaren iritziz, «funtzionatzen» ari da, hori da behintzat oholtzatik sumatzen duten erantzuna: «Modu berezia du, estiloak nahasten ditu, eta denborarekin ere jolasten du: iraganarekin, orainarekin eta etorkizunarekin».
Barandiaranek ere arreta publikoarengan jarri zuen, eta aldarri egiteko baliatu zuen saria emateko eginiko agerraldia: «Antzezlan bakoitzean ikusten dugu kultura beharrezkoa dela eguneroko bizitzarako, eta uste dut hori erakundeei gogorarazi beharrekoa dela, boterea askotan beste gauza batzuei begira egoten delako».

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
