GARA
GERNIKA

Gernikako Sare Feminista: «Berme bat da Mario Lopez herritik at izatea»

Gernikan 2023ko abenduan egindako manifestazioa.
Gernikan 2023ko abenduan egindako manifestazioa. (A.LOIOLA | FOKU)

Gernikako Sare Feministak ontzat eman du Lointek Gernika saskibaloi taldeko entrenatzaile ohi Mario Lopezi ezarritako hamahiru urte eta erdiko kartzela zigorra, eta prozesu osoan zehar egondako mobilizazioak eta biktimari emandako babesa nabarmendu ditu.

«Beti esan dugu epaitegietan ebazten zena ebazten zela, guk erasotua sinesten dugula eta bere alde gaudela. Baita ere justizia feminista baten alde gaudela, bermeak nahi ditugula eta, nahiz eta zigor punitibisten alde ez gauden, Lopez entrenatzaile roletik zein herritik at izatea berme bat da, ume eta emakumeontzat behintzat», adierazi du talde feministak.

Izan ere, epaileak frogatutzat jo du 1998an, biktimak 13 urte zituenean, eta auzipetuak 31, adingabearekin bakarrik 50 aldiz egon zela, eta «izaera sexualeko hainbat jokabide» izan zituela, «gero eta maizago eginak, eta gero eta larriago».

Hamahiru urte eta erdiko kartzela zigorraz gainera, Bizkaiko Auzitegiak biktimaren etxebizitzatik 300 metro baino gutxiagora hurbiltzeko debekua ezarri dio Lopezi bost urtez, espetxe baimenak edo baldintzapeko askatasuna baliatzen hasten denetik hasita. Bestalde, ezingo du saskibaloi talderik entrenatu, eta 80.000 euroko kalte ordaina ere eman beharko dio biktimari.

Gernikako Sare Feministak erasotuarentzat suspertzaileak izan diren beste une batzuk ere egon direla nabarmendu du: «2023ko abenduko lehen manifestazio jendetsua, 2024ko atxikimendu kanpaina, epaitegi aurreko elkarretaratze zaratatsua».