Beste zazpi lagun aitortu dituzte Estatuaren indarkeriaren biktima gisa
Hamarkadetan zehar gauzatu den Estatu indarkeriaren beste froga bat dakar Nafarroako Gobernuak eman duen pauso berriak: beste zazpi lagun onartu ditu biktima gisa. Egiaren Garaia Da ekimenak jakinarazi du. «Aitortza hauekin beste urrats bat egiten da, gure herrian bizi izandako sufrimendu guztia aitortua eta konpondua izan dadin», nabarmendu du.

Nafarroako Gobernuak tortura eta gainerako indarkeria motak jasan dituzten beste zazpi lagun biktimatzat hartu ditu, Torturatuen Sarea eta Egiari Zor biltzen dituen Egiaren Garaia Da ekimenak atzo jakitera eman zuenaren arabera.
«Estatuak Nafarroan hamarkadetan erabilitako indarkeria argitara emateko prozesuari jarraipena ematen zaio», goraipatu zuen. Ekimenak emandako datuen arabera, 48 dira biktima gisa aitortutako pertsonak, guztira 142 eskaera erregistratu direlarik.
«Gure ustez, ezinbestekoa da biktima guztien aitortza inolako diskriminaziorik eta asimetriarik gabe egitea», gaineratu zuen ekimenak. «Estatuaren indarkeriaren biktimok pairatzen ditugun diskriminazioak gainditzeko bidean aurrera egingo duen bizikidetzako esparru baten oinarriak ezarriko dira, termino demokratikoetan», azaldu du eta, are gehiago, «aitortza hauekin beste urrats bat egiten da, gure herrian bizi izandako sufrimendu guztia aitortua eta konpondua izan dadin, horrela inoiz gehiago ez errepikatzea bermatuz».
«Egia osoa ezagutzeko eskubidea dugu, eta egia hori denbora luzeegian ukatu zaigu Estatuaren indarkeriaren ondorioz eragindako biktimei eta, oro har, Nafarroako gizarte osoari», azpimarratu zuen.
BANAN-BANAN
Albiste honekin batera, onartutako zazpi pertsona hauetatik sei kasuen azalpen zehatza eman du Egiaren Garaia Da ekimenak:
Patxi Erdozain Beroiz: 1978ko maiatzaren 15ean eraso egin zioten, Jose Luis Canoren heriotzaren lehen urteurrenean, Polizia Armatuko kide batek garondoan tiro eginda. Iruñean izandako istiluen ondoren, Patxi Erdozainek jipoia jaso zuen Poliziaren Kidego Bereziaren eskutik, eta egun batez ospitalean egon behar izan zuen. Hamaika urte geroago, 1989ko maiatzaren 15ean, bonba-gutun bat jaso zuen bere izenean, bere etxebizitzako postontzian.
Eneko Compains Silva lau aldiz atxilotu dute: lehenik 16 urterekin 1997ko urrian, ondoren 1999ko urtarrilean, hirugarrena 2003ko urrian -kasu honetan torturarako Nazio Batuen Erakundeko kontalariak torturen testigantza jaso zuen-. Laugarren eta azken atxiloketa 2010eko irailean izan zen, Guardia Zibilaren eskutik. Beste tortura-metodo batzuen artean, Enekok kolpeak jasan zituen asfixia eragiten zioten bitartean, buruan poltsa bat jarriz.
Ibon Esteban Scaloni 2010eko urriaren 22an atxilotu zuen Polizia espainolak, 20 urte zituela, inkomunikazio-erregimenean. Madrilerako bidaian makurtuta egotera behartu zuten, eta ikusmena eragozten zioten; gainera, zorabiatu eta oka egin zuen, kolpekatzen eta galdekatzen zuten bitartean. Madrilgo polizia-etxean torturekin eta galdeketekin jarraitu zuten.
Ander Maeztu Arteaga 2010eko urriaren 22an atxilotu eta inkomunikatu zuen Polizia espainolak, 24 urte zituela. Canillaseko (Madril) polizia-etxean zegoela, mehatxu egin zioten, plastikozko poltsa batekin asfixia eragin zioten, kolpekatu egin zuten eta barrabilak estutu zizkioten. Gainera, beste atxilotu batzuen oihuak entzutera behartu zuten. Fernando Grande Marlaska epailearen aurrean agertu zen eta tratu txarrak jaso izana salatu zuen.
Garazi Autor Pueyo: 22 urte zituela atxilotu zuen Polizia espainolak 2010eko abenduaren 16an, eta bost egun eman zituen inkomunikazio-erregimenean. Madrilera egindako bidaian galdeketa egin zioten, kolpekatu eta iraindu egin zuten. Ibilbidearen une batean, ibilgailua landa-bide batetik desbideratu zen eta «arekan» utziko zutela mehatxu egin zioten. Madrilgo komisarian etengabe eduki zuten argia piztuta, eta bi ordutik behin esnatzen zuten. Maiz galdekatu zuten, eta kolpeak, ariketa fisiko behartuak, biluzi partzialak, plastikozko poltsa bidezko asfixia, larderiak, irainak eta bestelako laidoak jasan zituen. Polizia-etxean artatu zuen auzitegi-medikuaren eta Fernando Grande-Marlaska epailearen aurrean salatu zuen polizia-etxean jasandako tratua.
Iñigo Gonzalez Etayo 2011ko urtarrilaren 18an atxilotu zuen Guardia Zibilak, 28 urte zituela. Lau egun eman zituen inkomunikatuta. Denbora horretan, beste tortura-metodo batzuen artean, kolpeak jaso zituen, eta eserialdiak egitera behartu zuten buruan poltsa bat jartzen zioten bitartean, itotze sentsazioa areagotzeko. Polizia-etxean artatu zuen auzitegi-medikuaren eta Fernando Grande-Marlaska Gomez epailearen aurrean salatu zuen jasandako tratua. Gainera, tortura salaketa jarri zuen Iruñeko Guardiako Epaitegian. Azkenean, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiako Estatuaren aurkako epaia eman zuen 2021ean, torturak ez ikertzeagatik.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
