Ahanzturaren aurkako txertoa

Brasilgo diktadura militarrari buruzko pelikula bat baino askoz gehiago da; oinaze isilaren, erresistentziaren eta memoria familiarren erretratu intimoa da. Marcelo Rubens Paivaren memorietan oinarrituta dagoen film itzela sortu du Walter Salles zinegile brasildarrak. Narrazioak idazlearen gurasoengan jartzen du fokua: Rubens eta Eunice Paivarengan. Brasil, 1971; Brasilgo erregimen militarrak Rubens Paiva ezkerreko diputatua atxilotu ondoren bere emazte Eunice Paivak borroka politikoan sartu behar izan zuen. Minaren eta erresistentziaren gaiari sentikortasun sakonarekin heltzen dio zinemagileak; sufrimendua modu esplizituan erakustea saihesten du eta inpaktu emozionala oso boteretsua da. Diktadura etengabeko presentzia gisa sentitzen da, nahiz eta oso gutxitan agertzen den esplizituki. Benetako izua isiluneetan azaltzen da, absentzietan, errepresioak utzitako hutsuneetan.
Fernanda Torresen interpretazioa da, zalantzarik gabe, filmaren zutabe nagusietako bat. Mina, erresilientzia eta justiziaren alde etengabe borrokatzen den emakumearen determinazioa transmititzeko duen gaitasuna harrigarria da.
Adrian Teijidoren argazkilaritza lana oso nabarmena da; 35 mm-ko formatuari esker 70eko hamarkadako atmosfera modu paregabean birsortzea lortzen du eta nostalgia kutsu berezia eranstea. Filmaren beste alderdi garrantzitsua Warren Ellisen soinu-banda da, ederra eta oso boteretsua. Melodia hunkigarriak konposatu ditu.
Iñaki Egaña historialari eta idazleak behin aipatu zuen ahanzturaren aurkako txertorik onena memoria dela; ahanzturan erori behar ez den gertaera hau ezagutzeko, ikusi “Ainda estou aquí”.

«Usaban a Dios para someter a las internas, para meternos miedo»

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

La RDC registra el peor desastre minero del mundo en 60 años
