Mariezkurrenaren zartailuak eta Artolaren lanak garaipena dute sari
Lasok eta Iztuetak sekulako lana egin zuten, eta 11-5 galtzen egotetik 11-12 aurretik jartzera pasatu ziren aurrelari nafarrak errematean asmatu zuen tarte batean. Baina gorriek pilota aldatu zuten 13na zirela eta markagailuan ihes egin ahal izan zuten.

«Sekula izan ez ditudan sentsazioak izan ditut». Horra Jon Mariezkurrenaren laburpena, Bilboko Bizkaia pilotalekuan eskaini duen erakustaldiaren ondotik. Kolpe ikaragarria duen arren, karisma ere badu Berriozarko atzelariak, eta kolpea adina karisma erakutsi zituen atzo, Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxka honen aurreneko jardunaldian puntua ateratzeko.
Izan ere bere aurrelaria, Iñaki Artola, ez zen batere fin aritu, azkenean errematean sei bat tanto amaitu bazituen ere. Tarte batean Unai Lasok dantzan izan zituen, eta Bizkarreta-Gerendiaingoak partida arriskuan jarri zuen gorrientzat, hain zuzen 11-5etik 11-12raino joan zirenean.
Une horretan gorriei eustea egokitu zitzaien. Baina, 13na berdindutakoan, pilota aldatu zuten eta, orduan bai, orduan mila puska egin zuen partida Mariezkurrenaren erakustaldiak. Iztuetak dena eta gehiago eraman zuen, baina ezin atzeko zulotik irten. Unai Laso bera, atzelariari lagundu nahi horretan, erremate oso zailetan galdu zen.
Azkenean, ekinaren ekinez, Artolak berak ere lagundu zion bere atzelariari finalera begirako aurreneko puntua lortzen, 22-14ko emaitzaz.
«Tentsio ikaragarria nabaritzen zen, baina kantxan oso eroso nintzen, eta fisikoki ere oso ongi egon naiz. Arratsalde biribila izan da», onartu zuen azkenean Jon Mariezkurrenak, pozarren.
ESKUINA DANTZARA
Hain zuzen, Mariezkurrena eskuin eskuko zartailua dantzatuz hasi zen, Iztuetari bizkarra erakutsiz. Horren aurrean airez laugarren koadroaren oso atzera aterata aritu zen Unai Laso, azken asteetako eskuetako arazoak ahaztu zituela erakutsiz.
Gorriek ez zuten askorik behar izan 4-1 aurretik jartzeko. Lasok, berriz, hutsegiteren bat eginagatik ere, ahal izan zuenean tantoa nahasten asmatu zuen, aurrean Artola nahikoa kamuts hasi zela ikusita. Ondorioz, 4-2ekotik 5-4ra berehala pasatu zen markagailua, Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelariak izan zituen aurreneko aukerak baliatuz.
Artolak errematean ematen ez zuen mina ematen zuen sakez, gehienak eraman beharrekoak izan arren. Aukeran Unai Laso finago aritu zen errematean, bi hormako batekin eta 11-6koa ezarri zuen ezker gantxoaz erakutsi moduan. Baina noski, ordurako gorriek aldea atera zuten, urdinen akatsak eta piloteoa Mariezkurrenaren eskuez menderatuz.
Nolanahi dela, jokoa aurreko koadroetara eramatea lortu zuen Lasok eta, errematean Artola gaindituta, markagailua estutu zuen aurreneko atsedenaldira iritsi aurretik. Eskuin sotamanoz txokoan moztu zuen pilotakada bati esker, 11-9 hurbildu ziren Laso eta Iztueta, eta badaezpada partida gelditzea erabaki zuten gorriek, bolada txarra eten nahian.
Baina ez zuten eten. Sakeak aldatzen hasi zen Laso, eta urdinak iritsi ziren aurretik aurreneko atsedenaldi luzera, 11-12, Lasok sakez hiru tanto segidan egin eta gero, 0-7ko partzialaz.
Lasok berak kale egindakoan eten zuten urdinen bolada bikaina gorriek. Handik gutxira Iztuetari ihes egindako pilotaren ondotik aurrea hartu zuten berriz ere gorriek, eta, hara non, Artolak eta Mariezkurrenak ostera ere aldea atera zuten. Behin betiko.
AUKERA ZUZENA
Mariezkurrenari zabalean iheska joandako pilotakada bat txaparen gainean izan zen eta Lasok, aldiz, Artola zabalean preso harrapatu arren, txapan bertan laga zuen errematea. Zortea zela, nekea zela, deserosotasunak deserosotasun, gorriek aldea atera zuten, eta Artola bera asmatzen hasi zen aurrean, halakoren batean.
Zenbat aldatzen den pilota, hain zuzen pilota aldatzen delarik! Gorriek komeni zitzaien materiala aurkitu zuten beren unerik okerrenean, eta suziriaren pare gorantz egin zuten, 20-13raino.
Lasok errematean kale egin zuen eta azkenengo tantoan Artolak behingoz beldurrik gabe errematatu eta 22ra iritsi ziren gorriak, dirudiena baino ondotxo gehiago sufritu bazuten ere.

«Biolentziari biolentziaz erantzuteko modu bat da ez bitartasuna»

Una piedra tallada hace 10.000 años, rival de la Mano de Irulegi

«Egun ia ezinezkoa da musika gaizki jartzea, ekipoak egiten du dena»

La juventud independentista se echa a la calle tras la prohibición de la AN
