Alessandro RUTA
ERROMA
Elkarrizketa
Luca Ricci
‘Erroman euskaraz’ ekimeneko gida turistikoa

«Ez naiz ez romanista ez laziale, baina ondo ezagutzen ditut ultrak»

Athleticek bihar Erroman jokatuko du Europa Leagueko final zortzirenetako joaneko partida. Luca Ricci Italiako hiriburuko gida turistikoa da, eta euskaraz ere lan egiten du, ‘Erroman euskaraz’ proiektuan: «Hemen izaten ditugun arazoak Donostian daudenen antzerakoak dira, eta horri buruz hitz egiten dut Euskal Herriko jendearekin».

(Lucca RICCI)

 

Erroma ez zen egun bakar batean eraiki; horregatik existitzen dira gida turistikoak Betiko Hirian, guri gogorarazteko. Italiako hiriburuan ehunka lagun lanean dabiltza turismo arloan. Zenbatezina da eguneroko turisten kopurua. Gainera, aurten, Urte Santua dela-eta, egoera narrastu egin da. Okerrik ezean, euskaraz aritzen den gida bakarra dago: Luca Ricci deitzen da eta Euskal Herritik etortzen diren turistei laguntzen die Erromako kaleetan. Bere moduan, noski, ‘Erroman euskaraz’ proiektuari esker.

Nongoa zara zu?

Erromatarra eta trasteverinoa, Trasteveren jaioa, alegia. Erromako auzunerik turistikoenetako bat da, erabat turistikoa bihurtu den hirian. Familia ere erdigunekoa dut. Pantheon eta Piazza Navona artean bizi zen amama.

Lan asko duzu Euskal Herritik etorritako turistekin?

Futbolari esker, bai. Jende piloa etorri da aurten, hiru neurketa izan ditugu eta! Lazio-Reala eta osteguneko hau bigarren Roma-Athletic izango da. Orokorrean, ia egunero Euskal Herritik etorritako turistekin egon naiz, martxotik abendura bitarte.

Zenbat balio dute eskaintzen dituzun zerbitzuek?

Ez dago. Parte hartzaileek ordaintzen dute nahieran. Proiektua ez zen jaio dirua poltsikoratzeko, baizik eta euskara bultzatzeko. Eskola batzuekin ere lan egiten dut. Horrez gain, ni gida turistikoa naiz egunerokoan, eta horretan, bai, tarifak eta prezioak badauzkat.

Nola ikasi zenuen euskara?

Erroman orain dela denbora piloa gaztetxe bat (centro sociale) zegoen euskara ikasteko. Erasmusen zeuden lagun batzuek klaseak ematen zituzten, eta ni apuntatu nintzen, jakina. Gero, 2014an, Bilbora joan nintzen, eta nire kabuz ikasi nuen. Hartu nuen erabakia guztiz politikoa zen, Euskal Herriko mundua beti interesatu zaidalako.

Nola sentitzen dira euskaldunak Erroman?

Primeran portatzen dira! Udan familiak etortzen dira, bai Hegoaldetik bai Iparraldetik. Betiko ibilbideak egiten ditugu: Colosseo, Vaticano, museoak eta, bukatzeko Trasteveren, nire auzunean. ‘Prest’ edo ohituta datoz.

Zer esan nahi duzu?

Turistak Erroma itotzen ari direla, Donostia bezala. Eta hona etortzen diren turistekin informazioa partekatzen dut. Euskal Herrian ere gero eta gehiago agertu dira azken urteetan hemen pairatzen ditugun arazoak. Donostiako erdigunea Trastevere bezalakoa bihurtu dela ikusten dut. Eta jatetxeak? Denak berdinak, denak garestiak, eta agian mafiak kontrolatuak.

Eta zuk zer uste duzu?

Saiatzen naiz Erroma ez mitifikatzen. Nire hiria ez da saltzeko produktu bat, turismo masiboari begira bakarrik. Jendez gainezka dago egunero, 50-60 pertsonako multzoekin. Hala ere, euskaldunek kontzientzia gehiago dute. Eskerrak.

Zer gustatzen zaie gehien Euskal Herriko turistei?

Kuadrilla txiki moduan mugitzen gara: 5-6 pertsona. Taberna bitxiren batean sartu nahi dute, adibidez, trago bat hartzeko eta hitz egiteko. Trastevere ezin hobea da. Inperioaren historia gustuko dute, eta kokapenaren arabera ziur aski Pantheon. Aldiz, Fontana di Trevi ez zaie asko gustatzen, jende gehiegi dagoelako.

Aholkuren bat emango zenieke futbolzale turistei?

Lehenik eta behin, partidaren egunaren aurreko gauean Athletic edo Realaren kamiseta eta bufanda kentzeko gomendatzen diet. Behin baino gehiago salatu dut Erromako egoera tifosiekin nahiko korapilatsua dela. Egunean zehar, aldiz, ez dago arazorik erdigunean paseatzeko. Ni ez naiz ez romanista ez laziale. Euskadiko estadioetan Italiakoetan baino gehiago egon naiz, egia esateko; baina ondo ezagutzen dut nola ikusten dituzten aurkariak hemengo ultra horiek.

Denboraldi honetan bai athleticzaleek bai realzaleek sekulako arazoak izan dituzte.

Irailean eta urtarrilean ni egon nintzen bertan, filtroa egiten eta fisikoki laguntzen, Trasteveren. Azken istiluen ondorioz 14 egunez izan ziren ospitalean bi realzale, eta hor ere egon nintzen haien zain.

Ezohiko auzo bat bisitatzeko, zer gomendatzen duzu?

Testaccio [Romako entrenatzaile Claudio Ranierirena, hain zuzen ere]. Bere benetakotasunari eusten dio, oso ‘erromatarra’ da eta erdigunetik gertu dago. Bestela, Garbatella [hau Giorgia Melonirena].