Ibon MEÑIKA, Mikel MUNDIÑANO, Amaia IZKO, Nagore SAN MARTIN eta Naikari ITURBE
KOLABORAZIOA

Frantzisko

Zer moduz, Frantzisko? 4 urte dira elkar ikusten ez dugula eta... Zer liatu duzu hor zehar aspaldion? Zerbaitetan ibiliko zara, ziur. Jakin badakizun legez, hemen ez zaitugu hain erraz ahazten; ez guk... ezta ziurrenik uniformedun askok ere. Markak eta itzalak −ezberdinak badira ere− iltzatzeko gaitasun naturala duzulako; que yo ya me entiendo.

Zorretan gaude zurekin, azken urte hauetan bizipen asko zu gabe izan direlako. Baina bueno, zuk ere baduzu kanpo-zorrik, e? Oraindik ere lagun asko dituzu «zierboa» ikusteko itxaroten. Zer uste zenuen, ahaztuko genuela? Ez, motel. «Zierboa» mahai baten bueltan ikusi arte urtero gogoraraziko dizugu ez duzula agindutakoa bete.

Baina bueno, goazen harira, que me estás liando. Pozik zaude garaiotan begitantzen duzunarekin? Bai, badakigu; oraindik ere asko falta da, eta azkarrago joan beharko litzateke, pero que nos quiten lo bailau...

Izan ere, dispertsio eta urrunketa politikaren amaiera gauzatu dugu 2023az geroztik. Ez digute ezer oparitu, sufrimendu gehigarri eta ankerra hamarkadetan pairaarazi digute, batez ere senideei (zure etxekoek, beste askorenek legez, dakiten bezala), baina gaur da eguna salbuespen neurri gisa gainditu dugula, zu bezalako askori esker. Baina sarri zenioen bezala... ez itxaron la palmadika en la espalda...

Pentsa, Hatortxu Rock-ek agur esan dio Atarrabiari, eta aurki, uztailean, nondik eta zure Sakanatik, urte hauetan guztietan musika eta etxeratzearen aldarrikapena uztartu dituen ekimen herritar kolosalak ziklo amaiera iragarriko du; noski, con unos bailables. Azken txanda daukazu, eta, lasai, lau eguneko jaia eta borroka izanik, denbora nahikoa izango duzu zerbezika bat (edo bi, edo hiru, edo lau...) hartzeko. Izan megafonoa eskuan prest, edo txupina botatzeko txiskeroa, badaezpada.

Konponbide klabeetan herri honek urratsak egin ditu. Ezberdinen arteko ehuntze prozesua aurrera doa eta fase erabakigarria nola marraztu ariketa kolektiboan murgilduak gaude. Martxoaren 22an Hernanin elkartuko gara sareari buelta berri bat emateko. Hitzordu horretan ere ez duzu hutsik egingo. Ez ekarri excelik, bale? Badakigu-eta sosak inoiz baino garrantzitsuagoak direla. Harrera elkartea lan handia egiten ari da erbestetik bueltatutakoak, espetxetik ateratakoak edo etxeratzeko bidean daudenak (egun, ia erdiak) etorrera eta artatze duina izateko. Bazkidetza kanpaina berria iragarri dute eta ziur gara harrera ona izango duela Harrerak, gure herrian.

Bueno, Balda; hurren arte, lagun. Zaila egiten zaigu Arbizutik pasatzen garenean zutaz ez gogoratzea. Elkartzen garenean zure aipamen bat ez egitea, edo zeure esamolde batekin irririk ez egitea. Aulki huts batzuk egoten jarraitzen dute, eta zurekin batera lanean jarraituko dugu erabat eta guztiak desagerrarazi arte. Hutsik geratzen den azkena Lazkaon utziko dugu, presidente.

Bitartean, zaindu. Asko nehi zeittuu.