IKER GURRUTXAGA
DONOSTIA

Metal klasikora bidaia, Izan Bai talde berriaren eskutik

Ixak Arruti Aranburu (Usurbil, 1986) abeslari eta gitarra jotzaileak abiatu zuen Izan Bai proiektua. Abiatu eta denbora gutxira etorri da debuteko diskoa, ‘‘Dena galdu baino lehen’’. Gaur bertan Berastegiko gaztetxean aurkeztuko dute beren proposamena Izan Baikoek.

Martin Larrañaga, Ibon Aginaga, Ixak Arruti eta Urtzi Olaziregi dira Izan Bai taldeko kideak.
Martin Larrañaga, Ibon Aginaga, Ixak Arruti eta Urtzi Olaziregi dira Izan Bai taldeko kideak. (KUKU MAITIA)

Azken urteetan bestelako proiektu musikaletan ibili ondoren, berriz ere metalaren mundua besarkatu eta Izan Bai proiektua martxan jarri du Ixak Arruti Aranburu (Usurbil, 1986) abeslari eta gitarra jotzaileak. Garai batean Mendeku Itxua taldean ibilitakoa, orduko harremanei tiraka osatu du taldea. Martin Larrañaga herrikide eta taldekide izana da bateria jotzailea, eta metalaren mundua ongi ezagutzen duten Ibon Aginaga gitarra jotzaileak eta Urtzi Olaziregi baxu jotzaileak osatzen dute laukotea.

Bederatzi kantu grabatu dituzte Zumaiako Ozen estudioan, Jurgi Taboada teknikari lanetan izan dutela, eta metal klasikotik dezente edaten du. Trash eta power metaletik gertu dauden abestiak dira, melodikotasun handikoak. Bizitza bizitzeko dagoela kontatzen digute hitzetan, mezu orokor gisa, izan norbera maitatzeko mezua, Palestinako sarraskia, sexualitatea edo aitatasuna abiapuntu moduan hartuta.

‘‘Barne borroka’’ da diskoa irekitzen duen abestia. Lehen minutu instrumental baten aldeko hautua egiten du taldeak horretarako, oso 2000etako metalaren soinua duen arren, trash klasikoaren eraginak agerikoak dira. Hitzetan, berriz, norberak bere burua den bezalaxe onartzeaz eta maitatzeaz hitz egiten digu. Ildo bertsutik jarraitzen dute ‘‘Izan bai’’ kantuaren hitzek, «Zu izan zaitez, izan bai!» oihuarekin bukatzen da abestia. Bateriaren bonboaren indarra nabarmena da kantuan, eta harmonietan halako ukitu berezi bat ere badu piezak. Gitarraren distortsio indartsuenaren eta pasarte garbiagoen arteko dinamikek, Izan Bai taldeak Nu Metalaren eraginen bat edo beste izan dezakeela ere ikusarazten digu.

Single moduan etorri zen ‘‘Sustraiak egarri’’ abestia, berriz, indar eta abiadura erakustaldi bat da, teknikoki bikaina dena. Hitzetan, berriz, nondik gatozen ahanzturan erortzen dela maiz salatzen dute Izan Baikoek; gizarteari esnatzeko eskaera bat ere egiten dietela esan dezakegu, gainera.

Baina dena ez da indarra, abiadura eta distortsioa disko honetan. Metal klasikoaren joerei jarraiki, ‘‘Damuaren dama’’ kantuan balda zati bat badu, nahiz eta lehen zati luzearen ostean trashera goazen berriz ere. Eta, diskoa ixteko kantuetan ere soinu bereziak topa ditzakegu. Arrutik ‘‘Dudan dena zugatik’’ kantu argitsu eta goxoa eskaini dio alabari. Eta elektronika, pianoak, efektuak, sokak… denetarik topa dezakegu diskoa bukatzen duen ‘‘Dena galdu baino lehen’’ abestian. Diskoari horrek ematen dio izenburua; izan ere, kantu iluna den arren, ezinbestekoa den itxaropenari atea zabal-zabalik uzten dio Izan Baik abesti honetan.

ZUZENEKOAK MARTXAN

Hasi dira zuzenekoak eskaintzen. Lehenengoa etxean izan zen, Aginagako Eliza Zaharrean. Gaur bertan dute kontzertua Berastegiko gaztetxean; hilaren 22an, Tolosako Bonberenean; apirilaren 18an, Zarauzko Garagardo Azokan; eta maiatzaren 17an, Donostiako Larratxo kultur etxean izango dira hurrengo hitzorduak.