Hezkuntza sistema propioaren aldeko eskakizuna, Ikamak deitutako ikasle greban
Atzo Ikamak deitutako greba egin zuten unibertsitateko, Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikasleek. «Faxismoaren gorakadari aurre egiteko» deitu zuten, bai eta «euskal hezkuntza sistema propioaren beharra» aldarrikatzeko ere. Eguerdian manifestazio bana egin zuten Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean.

Unibertsitatean, Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan grebarako deia zabaldu zuen atzo Ikama ikasle antolakundeak, «faxismoaren gorakadari aurre egiteko eta euskal hezkuntza sistema propioaren beharra aldarrikatzeko».
Goizean piketeak izan ziren hainbat zentrotan eta 12.00etan hasi ziren manifestazio nagusiak: Bilbon, Jesusen Bihotzetik; Donostian, Bulebarretik, Gasteizen, Elurretatik, eta Iruñean, Hezkuntza departamentutik.
«Agertoki zail honetan, euskal ikasleriari borrokatzea dagokigu, borroka feminista, euskararen aldeko borroka eta balore independentistak aldarrikatuz», adierazi zuen ikasleen antolakundeak.
Iruñeko mobilizazioan Markel Yoldi Ikamako militanteak ohartarazi zuenez, «Euskal Herriaren independentziak, hau da, gaur egun Estatu espainoletik eta frantsesetik jasaten ari garen zapalkuntzarekin amaitzeak gure interes eta beharrei erantzungo dien estatu eta hezkuntza sistema propioa sortzeko aukera emango luke».
Mobilizazioan irakurritako mezuan nabarmendu zuten: «Euskal Herria estaturik gabeko nazio zapaldua da, Estatu espainolaren eta frantsesaren mende dagoena. Gure herriak jasandako asimilazioaren ondorioz, erabakitzeko eskubidea ukatu zaigu, gure herriaren nortasuna, kultura, memoria zein gure hizkuntza kolokan jarriz. Horrek eragin zuzena du hezkuntzan. Estatu espainolak zein frantsesak gidatutako hezkuntza sistemek goia jo dute aspaldi. Parisen eta Madrilen ezartzen diren curriculumak inposatzen dizkigute, eta ez dira Euskal Herriaren eta euskal ikasleon beharrak kontuan hartzen».
«Sistemaren mesedera jarduten dute, eta sistema kapitalista zisheteropatriarkala betikotu besterik ez dute egiten. Horiek dira hain zuzen ere gure zapalkuntzen erantzuleak: ezer aldatu nahi ez duten estatu unionista zapaltzaileak. Baina guk argi daukagu behar dugun hezkuntza lortzeko ezinbestekoa dugula independentzia eskuratzea, hortik etorriko baita gure hezkuntza sistema propioaren eraikuntza», adierazi zuten.
Palestinak jasaten duen genozidioa salatzeaz gain, faxismoaren eta «ideia erreakzionarioen gorakadari» aipamena egin zioten Ikamako gazteek: «Mundu mailan gertatzen ari da, bai, eta baita Euskal Herrian ere. Arrazakeria edozein txokotan dagoela ikusi dugu, eta gazteon artean, ikasleon artean, agerikoa da diskurtso matxistak, transfoboak, homofoboak zabaltzen ari direla, zer esanik ez mutil gazteen artean».
«Euskararen kontrako erasoak ere bizi ditugu nonahi, eta hezkuntzan lehendik zeuden hutsuneak areagotzen ari dira. Honen aurrean guk borroka antifaxistari ekingo diogu. Faxistei ateak itxiko dizkiegula oihukatu dugu Leioako eta Gasteizko campusetan, erasorik onartuko ez dugula eta protokolo eraginkorrak exijitzen ditugula esan dugu hainbat ikastetxetan. Eta Euskal Herri osoan goitik beherako hezkuntza euskalduna behar dugula aldarrikatu dugu behin eta berriro», berretsi zuten ikasleek Hego Euskal Herriko hiriburuetan egindako mobilizazioetan.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
