GARA
GASTEIZ

Ekoizleei laguntzea da artisau gazta erosteko arrazoi nagusietako bat

Euskal Herrian, Katalunian eta Estatu espainol zein frantseseko Pirinioetako eskualdeetan esnekiak kontsumitzeko ohiturekin lotutako elikagaien jasangarritasunari buruzko azterketa aurkeztu zuen atzo Gasteizko Azoka plazan Poctefa Know N Cheesek, Pirinioen bi aldeetako sei erakunde biltzen dituen proiektuak.

1.500 lagunen parte hartzea izan duen azterketa honetatik ateratako datuen arabera, gozamena da eskuz egindako gazta erosteko lehen motibazioa. Izan ere, galdetutakoen %79k erabaki du gazta mota hori kontsumitzea produktuak dituen zaporeagatik eta kalitateagatik.

Jasangarritasuna artisau gazta ekoizpenaren baliotzat hartzeari dagokionez, aipatzekoa da kontsumitzaileek ez dutela, itxuraz, ekoizteko modu horren ingurumen jasangarritasuna erosteko motibaziotzat hartzen. Bakarrik %20 inguruk.

Hala ere, jasangarritasun ekonomikoa eta soziala badira eskuz egindako gazta erostera bultzatzen duten balioak. Beraz, inguruko ekonomiari eta negozio ekoizle txikiei laguntzea dira eskuz egindako gazta erosteko motibazioak. %55ek gazta mota hori aukeratzen dute tokiko ekoizleei laguntzearren, eta %50ek bertako produktua delako.

Galdetutako pertsonen %45 inguruk ez dituzte produktu horiek erosten, batez ere garestiak izateagatik.