Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
LA NIÑA DE LA CABRA

Galera eta adiskidetasuna, haurren ikuspegitik

Filmaren posterrean bertan agertzen den hori koloreko bereizgarri batek, «bereziki haurrentzat gomendatua» dio; ikusiko dugun film mota eta tonua aurreratzen duen ohartarazpena da.

Elenak, Lehen Jaunartzea egiteko prestatzen ari den zortzi urteko neskatoak, amona galdu berri du.

Serezade bere ahuntzarengandik aldentzen ez den neska ijitoarekin duen adiskidetasunak mundua kontatu dioten bezala ote den planteatzera eramaten du.

Testuinguru zehatz baten barruan (Madril, 1988), dolua eta galera dira Elena gaztearen gogoetetarako abiapuntua. Narratibak Elenaren ikuspegia du ardatz, eta heriotza, klasismoa, arrazakeria eta erlijioa bezalako gaiak arakatuko dira filmean.

Haurren ikuspegitik eraikitzen du narratiba eta, mezu nagusi horiek indartzeko, sinbolismo boteretsuak erabiltzen ditu. Jorratzen diren gai horien artean, ordea, gidoia gehiegi sakabanatzen da. Hainbeste ideia interesgarriren aurrean zehaztasuna falta zaio istorioari.

Zuzendariak apaingarririk gabeko eszenaratzearen alde egin du, eta filmaren muina bi neskatoen arteko harremana da; aktore gazteen lanak itzelak dira. Proposamen minimalista da, eta arlo teknikoan ere horren aldeko hautua egin du Ana Asensiok; argazkilaritza lanak bete-betean barneratuko dute ikuslea 80ko hamarkadako Madrilen, eta minimalista baina eraginkorra den soinu-bandak, aldiz, giro soinuak erabiltzen ditu tradizioaren eta askatasunaren arteko dualtasuna azpimarratzeko.

Familian ikusteko proposamena da. Film mota horiek normalean izaten duten bilgarri atsegina alboratu eta gutxitan aipatzen diren gaiak azaleratzen ditu, baina duen erritmoa nahiko irregularra da, eta umeentzat agian poetikoegia. Hala eta guztiz, biziki gomendagarria da.