GARA
LAKUNTZA

Zetak, Zea Mays, Anestesia, Xiberoots... beste 24 talde batu dira Hatortxura

Hatortxu Rock-eko 30. eta azken edizioa marka guztiak hausten ari da. Orain arte iragarritako programara beste 24 talde batu direla jakinarazi zuten atzo antolatzaileek, eta, hala, uztailaren 24tik 27ra bitartean Lakuntzan egingo den elkartasun jaialdiari ehun talde inguruk emango diote amaiera, bost eszenatokitan banatuta. Hatortxu Rocken parte hartuko duten talde gehiago iragarriko dituzte maiatzean.

Odolkiak Ordainetan-en kontzertua, 2022ko edizioan. Aurten ere Hatortxu Rocken izango dira.
Odolkiak Ordainetan-en kontzertua, 2022ko edizioan. Aurten ere Hatortxu Rocken izango dira. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Azken txanpan sartu da Hatortxu Rockeko 30. edizioko taldeen iragarpena. Elkartasun jaialdi erraldoi honek agur esango du betiko Lakuntzan, uztailaren 24tik 27ra ospatuko den hitzorduan, eta azken edizioa berezia izan dadin musika eskaintza zabala batu nahi izan dute. Hartara, atzo artista zerrenda luzea eman zuten jakitera, 24 izen berri guztira: Anestesia, Zetak, Delirium Tremens, Barniz, Bizardunak, Deskontrol + Arkada Social, Reincidentes, Kaleko Urdangak, KOP, Zea Mays, Las Ninyas del Corro, Mirua, Potato, Nafarroa 1512, Naxker, ødei, Odolkiak Ordainetan, Svetlana, On, Talco, Juantxo Skalari & La Rude Band + Set Skalariak, Xiberoots, Xutik eta Zaunka.

«26 urtez, auzolanean, errepresaliatu politikoen eta haien senide eta ingurukoei elkartasuna adieraztea izan da gure helburua. Auziari erabateko konponbidea emateko urratsak egitea falta den arren, egindako lorpenak balioan jarri eta merezitako agurra antolatu nahi dugu», adierazi zuten antolatzaileek.

EHUN TALDE BOST ESZENATOKITAN

Iragarri berri dituzten musika taldeei aurrez iragarritakoak eta jakinarazteko geratzen diren beste hainbat batu behar zaizkie. Izan ere, orain artean 63 talde iragarri dituzte, eta, aurreratu zutenez, maiatz amaiera aldera iragarriko dute beste izen sorta bat. «Guztira, 100 talde izango dira jaialdiko 5 eszenatokietan», aurreratu zuten.

Aurrez iragarritakoen artean itzulerak ere badaude: Latzen, Afu, Alaitz eta Maiderrek Burutekin batera eskainiko dituzten kantuak eta Skatu. Eta horien aurretik beste 35 talde iragarriak zeuden: Bad Sound, Dupla, Su Ta Gar, Chuleria, Joder, Brigade Loco, Leihotikan, Burutik, Tribade, Maskak, Les Testarudes, Non Servoum, Añube, Dj Plan B, Gatibu, DJ Trapella, La Jodedera, Süne, Maruxak, Ibil Bedi, Autobus Magikoa, Sukena, The Lio, Kaotiko, Bulego, Buitraker, Nogen, Tatxers, Skabidean, Streetwise, Banda Bassotti, Gozategi, Never Surrender, Eñaut Elorrieta, Los Zopilotes Txirriaos eta Betagarri.

Horrez gainera, 30. ediziorako abestia ere sortu zuten; auzolanean, noski, hiru hamarkadaz jaialdiaren egiteko moldearen eredu izan denari jarraiki. ‘‘Bi'terdi’’ izeneko kantuan, Mattin Zeberio, Malentxo Zeberio, Maitane Iruiñ, Pello Reparaz, Juantxo Arakama, Betti Albor eta Battitt Etchart aritu dira letraren sorkuntzan, eta Mauleko Txingili’K taldearen eta Patxi Cazenave Maskakeko abeslariaren ahotsak ere gehitu zaizkie egitasmoari. Abestiak Zetak taldeko Pello Reparazen sinadura darama.

AUZOLANA ETA ANTOLAKUNTZA

Antolatzaileek gogora ekarri zuten apirilaren 12an Lakuntzan bildutako ehunka lagunek auzolanerako deia egin zutela Beriainen magaletan, peto laranjak jantzi eta Hatortxuri merezi duen amaiera emateko laguntzera etor daitezen. «Auzolana izan da 26 urtez gure oinarria eta oraingoan ere auzolan ariketa erraldoia egin beharko dugu uztaileko jaialdia aurrera eramateko. 7.049 txanda behar ditugu eta Euskal Herriko txoko guztietara egin nahi dugu petoa jantzi eta txanda bat egiteko gonbita», ekarri zuten gogora aipatu aurkezpenean. www.hatortxurock.eus/txandak atarian eman daiteke horretarako izena.

Azkenik, sarrerak www.hatortxurock.eus webgunean eskura daitezkeela gogorarazi zuten. Lau eguneko bonua 105 euroan dago eta aurrerago egun bakoitzeko sarrerak eskuratzeko aukera izanen da. Kanpalekurako eta furgoneta eta autokarabana guneetarako sarrerak eskuragarri daude.