GARA
DONOSTIA

Hego Euskal Herrian 1.600 langabetu gutxiago daude urteko lehen hiruhilekoan

Guztira, 108.100 lagun lanik gabe daude Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, INE Estatu espainoleko Estatistika Institutuaren datuen arabera. Hego Euskal Herrian 1.600 langabetu gutxiago daude urteko lehen hiruhilekoan, aipaturiko ikerketaren datuek atzo aditzera eman zutenez.

Lanbideko bulego bat, Donostian, artxiboko irudian.
Lanbideko bulego bat, Donostian, artxiboko irudian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Hego Euskal Herriak 1.600 langabetu gutxiagorekin bukatu du urteko lehen hiruhilekoa, atzo INEk argitaratutako Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera. Guztira, 108.100 pertsona langabezian daude. Lurraldeka, Gipuzkoak du langabezia tasa baxuena, %6,55ekoa. Zertxobait altuagoa du Arabak, %6,59koa. Nafarroak, aldiz, %7,49koa dauka. Eta Bizkaia da tasa altuena aurkeztu duena, % 8,66koa.

Nafarroan lehen hiruhileko honetan 577.700 pertsona zeuden 16 urtetik gorako biztanlerian, aurreko hiruhilekoan baino 2.800 gehiago (%0,49) eta urtebete lehenago baino 10.400 gehiago (%1,83).

2025eko lehen hiruhilekoan 311.400 landun zeuden (aurreko hiruhilekoan baino 7.600 gutxiago, -%2,37, eta urtebete lehenago baino 7.500 gehiago, %2,45). Gainera, INEren arabera, Nafarroan 25.200 langabe daude hiruhileko honetan (aurreko hiruhilekoan baino 2.700 gehiago, %11,82, eta 2024ko hiruhileko berean baino 4.200 gutxiago, %14,26). Horrekin guztiarekin, Nafarroako jarduera tasa 58,26koa da, eta langabezia tasa, %7,49koa.

Sexuaren arabera, 166.500 gizon nafar lanean dabiltza, eta 13.100 langabe; gizonen jarduera tasa %63,14koa da, eta langabezia tasa, %7,30ekoa. Bestalde, Nafarroan emakumeen jarduera tasa %53,53 izanik, eta langabeziakoa, %7,71.

OKUPAZIO TASA

EAEn, aldiz, lehen hiruhilekoan 11.300 lanpostu sortu ziren, eta okupatuak 992.000 izan ziren guztira, 2008tik lehen hiruhileko batean izandako okupazio zifrarik handiena. Bestalde, lehen hiruhilekoaren amaieran 1.074.900 aktibo zeuden EAEn, azken hiru hilabeteetan 7.000 pertsona gehiago.

Aurreko urtearekin alderatuz, 9.000 langabe gutxiago izan dira (-%9,8), eta 7.000 enplegu sortu dira (+%0,7); aktiboen bolumena, berriz, 1.900 gutxiago izan da (-%0,18). Sexuen arabera, lehen hiruhilekoan emakumeen langabezia 1.400 emakumetan jaitsi zen, eta gizonen artean 2.900 langabetu gehiago izan ziren. Gazteei dagokienez, EAEn langabezian dauden 25 urtetik beherakoen kopurua 6.500 pertsonatan murriztu da azken hiru hilabeteetan.

ELAk ohar batean nabarmendu zuenez, «enpleguan hobekuntza txiki batzuk izan diren arren, enpleguaren kalitate baldintzek okerrera egin dutela ikusten da». Hori dela-eta, datuek ez dutela «errealitate kezkagarri bat» ezkutatu behar defendatu zuen. «Lan merkatuak prekaritate maila handiak, genero desberdintasuna eta behin-behinekotasun handia ditu oraindik ere, batez ere sektore publikoan», ohartarazi zuen.

LABek, bestalde, azaldu zuen langabezia lehen sektorean eta industrian igo dela gehien: «Langabezia egonkor mantendu arren, industria sektoreak bizi duen egoerak kezkatzen gaitu. Milaka langile egoera ezegonkorrean dago. Industriak izan dezakeen bilakaerak, sektorean eragiteaz gain, inpaktu zuzena izango du zenbait eskualdetan eta Euskal Herriko egoera sozioekonomiko orokorrean».