AMALUR ARTOLA
DONOSTIA

Heroien itzalpean hazi diren seme-alaben ekarpenak, «Eresia»-n

Euskal errepublika independenteko lehen lehendakari izandako Aitzol Agirreren heriotzatik abiatzen da Goiatz Labandibarren «Eresia» (Elkar) eleberria. Tala protagonistaren ahotik, pertsonaia publiko baten alaba izateak dakartzan bizipenak bildu ditu idazleak.

Goiatz Labandibar idazlea, liburuaren aurkezpenean.
Goiatz Labandibar idazlea, liburuaren aurkezpenean. (Jon URBE | FOKU)

Galdera baten bueltan eraikia dago Goiatz Lanbandibarren ‘‘Eresia’’ liburua, eta horregatik darama ‘‘Hil kanta aitari’’ azpititulua: pertsonaia publikoen bizitza pribatuaz zer pentsatzen dute haien ingurukoek? «Rebeca Solnit idazle estatubatuarraren liburu bat irakurtzen hasi nintzen eta aipatzen zuen Martin Luther King ziurrenik aita txarra izango zela, baina etxean eduki ez zuten hori baino askoz garrantzitsuagoa zela gizarteari eman ziona. Eta nire buruari galdetu nion ea zer pentsatuko zuten horretaz bere seme-alabek», aipatu zuen Goiatz Labandibarrek aurkezpenean.

Abiapuntu horri helduta hasi zen ‘‘Eresia’’ bilakatuko zen nobela labur hau egituratzen, erabat fikzioaren eskutik; «oso zaila egiten baitzitzaidan eta errespetua ematen baitzidan hezur-haragizko norbaiten larruan sartzeak», eta kontakizunari oinarria emateko bi eremu irudikatu zituen: kokalekua lehenik, euskal errepublika independentea, eta pertsonaia ondotik, Tala, Aitzol Agirre ‘‘heroi nazionala’’-ren alaba. «Herri guztiek behar izaten dituzte heroi nazionalak, eta Agirre euskal errepublika independenteko lehen lehendakaria da. Haren alabak, Talak, kontatzen du nobela. Bere aitaren heriotza eta ondoren datozen egunak kontatzen ditu, berak nola bizi dituen, baita askotan iritzi publikoak jainkotzen edo goraipatzen dituen pertsonaia horien atzean zer dagoen ere», argitu zuen idazleak.

Lehen kolpean dolu baten gaineko kontakizuna dela badirudi ere, urruntze fisikoaz gain emozionalaz ere badihardu idazleak «utopia edo distopia»-ren testuinguru literarioan mugitzen den eleberri honetan, eta gogoeta egiten du heriotzak «guztia on» bihurtzeko duen gaitasunaz, «barkatzeko gaitasun horretaz». Kontakizunaren erdigunera heriotza ekarrita, nobelaren tonura umorea ekarri nahi izan du Labandibarrek. «Nolabaiteko satira bat da, ironia puntu bat badago, dibertsio puntu bat, eta hori nahita bilatua izan da, ze nik Tala irakurlearentzat sinpatikoa izatea nahi dut, ez negartia edo txaplata», nabarmendu zuen.

ERABAT FIKZIOZKOA

Labandibarrek argitu zuen ez dela inongo pertsonaia historikotan oinarritu liburua idazteko. Areago, ideia horretatik urrundu nahi izan duela, «ez nuelako nahi inor identifikatuta sentitzea; erreparoa ematen dit gaiak, oso pertsonala baita norbaitek aitagatik sentitzen duena eta hori bizitzeko duen modua. Euskal errepublika sortzeak aukera ematen zidan beste hainbat gauza sortzeko edo eraikitzeko, eta egun gure gizartean badauden gauza edo gertakizun batzuei buruz hitz egiteko, nahiko tonu jostalarian», azaldu du.

Horrela, kontakizuna heriotzaren berri izaten denetik agurra bukatzen deneraino luzatzen bada ere, kapitulu guztietan atzera begiratuak daudela aipatu zuen, Talaren haurtzaroko eta gaztaroko bizipenak ezagutzeko eta Aitzol Agirreren alaba izateak nola eragin dion adierazteko. «Badago borroka hori, ‘ni Tala naiz baina beste guztien aurrean Aitzol Agirreren alaba’, nola banatu nahi duen bere izaera itzal horretatik. Tala oso ondo ezagutzera iristen da irakurlea eta Aitzol Agirre, aita bezala, zer izan zen ezagutzera ere iristen da», ziurtatu zuen.