Aroztegiko auzipetuen absoluzioa eskatzeko kanpaldia hasi da
Aroztegiko Elkartasun Komiteak kanpaldia abiatu zuen atzo Elizondoko plazan, ekintza eta elkartasun keinuz betea, maiatzaren 19tik 23ra Nafarroako Auzitegian epaituko dituzten zazpi baztandarrak absolbitzea eskatzeko, «desobedientzia zibila ez baita delitua».

Aroztegiko Elkartasun Komiteak kanpaldia abiatu zuen atzo Elizondoko plazan, euritan baina kementsu, auzipetuen absoluzioaren alde. Larunbatera arte hainbat ekintza eginen dituzte bertan. Gainera, epaiketaren astean, maiatzaren 19tik 23ra, egunero Nafarroako Auzitegiaren parean egonen dira, epaituko dituzten zazpi baztandarrak babesten.
2021eko udaberrian, zazpi lagun horiek, bertze dozenaka herritarrekin batera, Aroztegiko proiektuaren kontra egindako kanpaldian parte hartu zuten. Horregatik epaituko dituzte, zigor eskari handiekin epaitu ere.
«Ingurua suntsitzea helburu zuen obra hura denon artean gelditu genuen, eta, berriki erran dugun bezala, guk ere kanpatu genuen!», azpimarratu zuten atzoko prentsaurreko jendetsuan Elkartasun Komitekoek. Oroitarazi zutenez, Aroztegikoa herritarren borondatearen kontra «behin eta berriz inposatu» nahi izan zaien proiektua da.
Nafarroako Gobernuaren jarrera salatu zuten, zehazki: «Palacio de Arozteguia SMri legez kontrako proiektu eta ekintza guziak onartu dizkion bitartean, herritarrak babesik gabe utzi gaitu. Proiektua UGEParen bidez onartu eta enpresari herri lurrak zein nekazaritza-lur pribatuak oparitu zizkion, Baztango entitate zein herritarrei erabakitzeko eskumena ebatsiz».
Azaldu zutenez, «egoera horren aitzinean, herria behartua izan da bere burua defendatzera desobedientzia zibila praktikan jarriz».
Orain, «lurraren defentsan egindako ekintza demokratiko bategatik zigortu nahi dituzte: denera 20 urteko kartzela zigorra eta 43 milioi euroko indemnizazio eskaera zazpi lagunen gain paratu nahi dute», adierazi zuten.
Derrigortze eta bortxa delituen akusazioarekin batera, talde kriminal bat osatzea leporatzen diete.
«HERRI OSO BATEN KONTRA»
Aroztegiko Elkartasun Komiteak argi utzi zuen zigor hori ez dela zazpi herritarren kontrakoa bakarrik, «herri oso baten kontrakoa» baizik. «Zigor eskaera hau gauzatzen bada, Euskal Herri osorako alimaleko aurrekaria ekarriko luke, herri mugimendu guzien erabateko kriminalizazioari ateak irekiz», ohartarazi zuten.
«Tamaina honetako erasoak, tamaina bereko erantzuna eskatzen duelako», baztandar zein euskal herritar guziak deitu zituzten mobilizazio eta ekintzetan parte hartzera eta elkartasuna adieraztera.
Kanpaldian egitarau betea izanen da. Gaur, adibidez, goizean plaza apaindu, bazkaldu eta 17.00etan auto karabana eginen dute. 19.00etan, Erdiz Bizirik-en, nekazarien eta Basaburua kuartelekoen elkartasun keinua izanen da, eta gero, afaria eta bertso saioa.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
