GARA
JERUSALEM

Zisjordania okupatuko bi errefuxiatu-eremu eraitsiko ditu Israelgo Armadak

Israelgo soldadu bat, emakume palestinar bat Tulkaremetik kanporatzen.
Israelgo soldadu bat, emakume palestinar bat Tulkaremetik kanporatzen. (Jaafar ASHTIYEH | AFP)

Zisjordania iparraldeko bi errefuxiatu-eremu eskala handian eraisten hasiko da Israel, atzo Estatu sionistako Armadak iragarri zuenez. Otsailaren amaieran hasi zen eremu hori okupatzen, Gazako milizia palestinarren zelulen aurkako erasoaldi baten aitzakiapean. Orduan, Gobernu palestinarrak operazioa behartutako desplazamendutzat jo zuen, eta biztanleria zibilaren aurkako krimen gisa gaitzetsi zuen.

Hala ere, Israelgo Defentsa Indarrak «segurtasun arrazoiengatik» Tulkarem eta Nur Shams zelaietan dauden 90 etxebizitza eraisten hasiko dira; hala dio oraindik kanpamenduetan geratzen diren egoiliarrei emandako ohar batek, atzo “Times of Israel” egunkariak publikatu zuenak. Duela hilabete Israelek ehun etxebizitza baino gehiago eraitsi zituen iparraldeko beste desplazatu-eremu handi batean, Jeninen.

Wafa albiste-agentzia palestinarraren arabera, joan den ostegunean hasi ziren eremua eraisten eta ehun etxebizitza baino gehiago suntsitu zituzten: 58 Tulkaremgo eremuan eta 48 Nur Shamsen. Ondorioz, 4.200 familia baino gehiago lekualdatu behar izan zituzten. Guztira, Israelgo operazioa hasi zenetik, 396 etxebizitza suntsitu eta 25.000 pertsona baino gehiago kanporatu dituzte.

GAZAKO SARRASKIA

Gazan, Israelek larunbat gauean egindako erasoek dozenaka hildako eragin zituzten, tartean ume asko, Efe albiste-agentziak baieztatu zuenez. Wafa -ren arabera, bonbardaketak Khan Yuniseko zenbait tokitan gertatu ziren, Palestinako enklabearen hegoaldean.

Ehiza-hegazkinek kanpadendei ere eraso zieten. Bertan daude bonbardaketen ondorioz suntsitutako edo kaltetutako etxeak dituzten palestinar gehienak.

HUTHIEN ERANTZUNA

Israelen erasoaldia hasi zenetik lehen aldiz, atzo Tel Aviveko Ben-Gurion nazioarteko aireportu ingurua jaurtigai batek jo zuen, Yemenetik bidalitako misil batek, hain zuzen. Sei pertsona zauritu zituen.

Yemengo huthiek beren gain hartu zuten erasoa, eta gehitu zuten «operazio militar» arrakatsua izan zela.