GARA
DONOSTIA

Apirilean behera egin du langabeziak: iaz baino 3.492 langabetu gutxiago

Hirugarren hilabetez jarraian, langabeziak behera egin du Hego Euskal Herrian. Martxoan baino 2.470 langabe gutxiago zenbatu dira apirilean, eta data hauetan joan den urtean zeudenak baino 3.492 gutxiago, hain zuzen ere. Osotara 136.302 lagun daude lanik gabe gaur-gaurkoz Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan.

Lanbidek Bilboko Santutxu auzoan duen bulegoan hartutako irudia.
Lanbidek Bilboko Santutxu auzoan duen bulegoan hartutako irudia. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Langabeziak behera egin du apirilean Hego Euskal Herrian. Atzo jakitera emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 136.302 pertsona daude lanik gabe. Hau da, duela hilabete baino 2.470 gutxiago eta duela urtebete baino 3.492 gutxiago. Hirugarren hilabetez jarraian egin dute behera datu hauek eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa zein Nafarroan antzeman da joera hori.

Apirilean langabezia %3,17 murriztu da Nafarroan aurreko hilaren aldean; hau da, 967 langabe gutxiago. Guztira, herrialde horretan, 29.491 langabe zeuden apirila bukatzean.

Espainiar Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioaren datuen arabera, aurreko urteko hilabete beraren aldean %2,48 jaitsi da, 750 langabe gutxiagorekin. Nafarroako langabetu guztietatik 11.273 gizonak dira, 18.218 emakumeak; eta 2.734, 25 urtetik beherakoak (1.399 gizonak eta 1.335 emakumeak). Gainerako adinetan, emakumeen kopurua (16.883) gizonezkoena (9.874) baino askoz handiagoa da. Sektoreka, nekazaritzan 67 langabe gutxiago daude, industrian 110, eraikuntzan 17, zerbitzuetan 729 eta aurretik enplegurik ez zuten pertsonen artean 44.

Langabeetatik 6.919 atzerritarrak dira; horietatik 557 nekazaritza-sektorekoak dira, 668 industriakoak, 333 eraikuntzakoak, 3.490 zerbitzuetakoak eta 1.871 aurretik lanik ez zutenen taldekoak. EAEn 1.503 langabe gutxiago izan dira apirilean. Bizkaian izan da jaitsierarik nabarmenena, 1.070 langabe gutxiagorekin. Gipuzkoan 268 gutxiago dira eta Araban, aldiz, 165.

Urte arteko saldoaren bilakaerak erakusten du 2.742 pertsona langabe gutxiago daudela (-%2,50) iazko apirilaren aldean, eta saldo negatiboa erregistratu da zazpigarren hilabetez jarraian. Horrela, iazko apirilarekin konparatuta, 1.621 langabe gutxiago daude Bizkaian, 901 gutxiago Gipuzkoan eta 220 gutxiago Araban.

Esan bezala, martxoan baino 1.503 langabe gutxiagorekin amaitu zen apirila (-%1,39). Hala ere, Lakuak emandako datuen arabera, 106.811 lan eskatzaile daude.

GIZARTE SEGURANTZAKO AFILIAZIOA

Martxoarekin alderatuta, Bizkaiak 516.099 kotizatzaile ditu, eta %0,23ko igoera izan du (1.192 afiliatu gehiago); Gipuzkoak 340.477 langile afiliatu ditu, %0,28 gehiago, hau da, 943 kotizatzaile gehiago; eta Arabak 168.265 afiliatu, 267 gehiago (+%0,16). Iazko apirileko datuak kontuan hartuta, afiliazioa 7.406 pertsonako kopuruan igo da Bizkaian (+%1,46), 2.358koan Gipuzkoan (+%0,70) eta 1.361koan Araban (+%0,82).

Bestalde, apirilaren amaieran, 927 langile zeuden EAEn aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientepean (EEE), martxoa amaitzean baino 135 gehiago; horietatik 703 gizonak dira eta 224 emakumeak.

Nafarroan, berriz Gizarte Segurantzako afiliazioa %0,70 hazi da apirilean, aurreko hilabetearen aldean; 2.185 afiliatu gehiago daude, guztira 313.192. Aurreko urteko hil berarekin alderatuta, hazkundea %1,63koa da, 5.018 pertsona gehiago inskribatu baitira, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioaren datuen arabera. Nafarroako afiliatu guztietatik 266.688 erregimen orokorrekoak dira eta 46.503 autonomoenak.

«JOERA POSITIBOA»

Lakuaren ustez, «ziurgabetasun globalak gorabehera», Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lan-merkatuak «joera positiboa berresten du sektore guztietan, batez ere urte arteko datuei dagokienez», eta «lehentasunezko» kolektiboetan (gazteak, 45 urtetik gorakoak eta emakumeak) langabeziak behera egin duela nabarmendu zuen.

Enplegu eta Gizarteratze sailburuorde Alfonso Gurpeguik adierazi zuen apirilean zazpigarren hilabetez jarraian jaitsi dela langabezia urte arteko tasan.