GARA
GASTEIZ
OSASUNGINTZA PUBLIKOARI BURUZKO EZTABAIDA

Osasun Ituneko adituek lehen zortzi ildo estrategikoak aurkeztu dituzte

Irailaren bostean Lakuako Osasun Mahaiak bilkurak abiatu zituen, atzo egin zuten zazpigarren bilera, eta ildo estrategikotzat jotako 24 ildoetatik zortzietako proposamenak aurkeztu zituzten lantalde bakoitzeko dinamizatzaileek. Mahaiko kideek dokumentuak aztertzeko denbora eskatu zuten, eta datorren astean bilduko direla adierazi zuen Martinez sailburuak.

Osasun Mahaiaren zazpigarren bilkura Gasteizen egin zen.
Osasun Mahaiaren zazpigarren bilkura Gasteizen egin zen. (Oskar MATXIN | FOKU)

Osasun Mahaiaren zazpigarren foroa egin zuten atzo, eta bertan zortzi lan ildoei buruzko dokumentu estrategikoak aurkeztu zituzten. Mahaiak «denbora eskatu» zuen, aurkeztutako dokumentuak «aztertzeko eta datorren asteko bileran berresteko». Lakuako Osasuneko sailburu Alberto Martinezek ekainaren hondarrerako osasun ituna adostua eta sinatua izatea espero du.

Hirugarren fasean dago Osasun Mahaia, “Etorkizuneko estrategiak adostea” deiturikoan. 24 ildo estrategiko izendatu zituzten, eta horiek lantzeko 24 talde espezifiko bildu dira. Hurrengo bileretan talde bakoitzak adostutako proposamena aurkeztuko du. Lehen zortzi ildoetako zirriborroak aurkeztu zituzten atzo Gasteizko Europa Jauregian.

ZORTZI ILDO

“Gaixotasun neurodegeneratiboak: arreta eta detekzio goiztiarra indartzea eta pazienteak eta familiak babestea” izenekoa izan zen lehen ildoa.

Bigarrenean, pertsonengan oinarritutako politikan «atxikipena, fidelizazioa, parte hartzea eta lidergo profesionalak osasun sisteman» landu zituzten. Josune Retegi Osakidetzako Giza Baliabideetako arduradunak «lidergo eraldatzaileren eredu bat definitzeko helburuari» helduko diotela gaineratu zuen. «Belaunaldien arteko erreleborik ezaren» arazoari aurre egiteko beharrezkoak diren profil profesional berriak planifikatu behar direla gaineratu zuen. Bestalde, medikuek osasun publikoan duten dedikazioaren bateragarritasunari buruz ere mintzatu zen, «esklusibotasuna meritu gisa baloratzea» proposatu baitzuen Osakidetzako buruzagitzetan.

Hirugarren ildoa, osasun-arloko prestakuntza eta irakaskuntza izan zen, ezagutzaren zabalkundeaz eta profesionalen etengabeko trebakuntzaren bultzatzeaz mintzatu dira. Laugarren ildoak «eztabaida eta erabaki partekatuak hartzeko aukera: osasun sistemaren kudeaketan herritarren parte hartzea eta gardentasuna bultzatzea» jasotzen zuen.

Ines Gallego Enkarterriko ESIko Kalitate eta Berrikuntza arloko zuzendariordeak dinamizatu zuen laugarren lantaldea, eta adierazi zuen parte hartzeko plan zuzentzaile bat sortzea, pazienteen elkarteen bidez parte hartzea indartzea eta artikulatzea, gardentasuna eta komunikazioa indartzea, Osasunaren Euskal Behatokia indartzea, eta herritarren eskura dauden osasunarekin lotutako baliabideei eta tresnei buruzko komunikazio plan bat egitea dituztela helburutzat.

IKUSPEGIA ALDATZEKO BEHARRA

Osasun arloko balio eta emaitzen ingurukoa izan zen bosgarren ildo estrategikoaren aurkezpena. Osasun Saileko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioko zuzendari Gontzal Tamayo arduratu zen lantaldeaz.

Adierazi zuen Osakidetzan «paradigma aldaketa» ezartzea proposatu duela. «Emaitzetara» zentratuta dagoen begirada «birbideratu» behar dela nabarmendu zuen, eta lehentasunak landu behar direla.

Seigarrenean gaixotasun arraroak eta diagnosi genetikoa landu zituzten, diagnosien hobekuntza eta tratamendu pertsonalizatuak jasotzeko aukera indartuz.

Itziar Astigarraga pediatrak azaldu zuen oso garrantzitsua dela Osakidetzan sartzea esparru horretan egiten diren «aurrerapenak», eta pazienteei terapia berriak eta doitasun diagnostikoak eskuratzeko aukera ezartzea.

Gaixotasun kronikoen kudeaketaren eta bizi kalitatearen hobekuntza landu zituzten zazpigarren ildoan.

Silvia Alfambrak esan zuen eguneko 24 orduetan eta asteko zazpi egunetan paziente kronikoentzat «asistentzia ibilbideak» ezartzea proposatu dutela, bereziki «premiazko egoeretan, eta egoera klinikoak ahalbidetzen badu ospitale deribazioa saihesteko».

Eta, azkenik, antolamendu berrikuntza eta laguntza ereduen inguruko ildoa aurkeztu zuten, “Eskuragarri dauden baliabide guztien efizientzia areagotu dezakeen laguntza integral eta integratuaren sustapena” izenburupean.

EKAINEAN BEGIRADA

Martinez sailburuak «eragile guztien lana» azpimarratu zuen, «diferentziatik abiatuta, batzen gaituen horretan, hau da, euskal herritarren osasuna eta ongizatea hobetzean aurrera egin ahal izan dugu», aitortu zuen.

Orain arte egindako bidea txalotu du sailburuak: «Uste dut prozesua bera inspiratzailea eta pizgarria izaten ari dela parte hartzaileentzat. Ziur nago gure osasun sistemarentzat ere hala izango dela».