ELAk 104.159 afiliaturekin ekingo dio XVI. Kongresuari Bilbon
Duela lau urte baino 3.234 afiliatu gehiagorekin, ELAk ekainaren 2an eta 3an ekingo dio Bilbon ospatuko duen XVI. Kongresuari. Emakumeen ehunekoa %46tik %47,7ra igaro da lau urtean, eta igoera hori zerbitzuen sektoreetan gertatu da batez ere.

Ekainaren 2an eta 3an Bilboko Euskalduna Jauregian egingo duen XVI. Kongresuaren atarian, ELAk, hainbat komunikabidetako kazetarien aurrean, sindikatuaren benetako afiliazio zifrak ezagutarazi zituen atzo. Gonbidatuen eskura jarri du afiliazio datu errealak zuzenean egiaztatzea, betiere dagozkion datu pertsonalen babesarekin.
ELAk 104.159 afiliatu ditu (aurtengo otsaileko datuak hartuta), hau da, 3.234 kotizatzaile gehiago 2021eko Kongresuan jasotako datuekin alderatuta (orduan 100.925 lagun ziren). Federazioei dagokienez, Industria eta Eraikuntza dira afiliatu gehien dituztenak, 38.925, zertxobait gutxiago 2021ean zituen 38.362ekin alderatuta. Ondoren, Zerbitzu Publikoak daude, 34.391rekin (2021ean 33.616 ziren) eta Zerbitzu Pribatuak 30.843rekin (2021ean 28.947 ziren). Horrenbestez, zerbitzuen sektoreko igoera nabarmena da.
ELAko emakumeen ehunekoa %46tik %47,7ra igaro da azken lau urteetan. Igoera hori zerbitzu sektoreetan izandako afiliazioarengatik gertatu da batez ere, non emakumeen ehunekoak ia bikoiztu egin duen gizonena. Industria eta Eraikuntzan %82,21 dira gizonak.
Adinaren arabera, afiliatuen %63,62 (66.026) 40 eta 59 urte bitartekoak dira, eta %3,96k (4.124) soilik ditu 30 urte baino gutxiago.
BALANTZE EKONOMIKOA
Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak adierazi duenez, afiliazioa «funtsezkoa da ELAren zeregin sindikala eta izaera bera ulertzeko». Izan ere, indar militante horrek ahalbidetzen du sindikatuaren urteko diru sarreren %92 baliabide propioetatik etortzea.
Sindikatuak bere egoera ekonomikoaren balantzea ere ezagutarazi du. 2021etik 2024ra ia 124.065.878 euroko diru sarrerak izan ditu sindikatuak: kuotak, 112.598.076 euro; bestelako diru sarrera propioak, 1.654.417 euro; dirulaguntzak, 7.805.031 euro; parte hartze instituzionala, 312.886 euro; negoziazio kolektiboko funtsak, 683.646 euro; eta bestelako diru sarrerak, 1.011.822 euro. Epe berean, 87,8 milioi gastatu zituen: ohiko gastuetan 84.060.196 euro eta horniduretan 3.789.490 euro.
«Afiliazioa eta kuotak ezinbesteko baldintza dira konfrontazioko sindikalismoa garatu ahal izateko. Ez dago kontrabotere politiko eta ekonomiko posiblerik autonomiarik gabe», azpimarratu zuen Lakuntzak.
ERRESISTENTZIA KUTXAREN GARRANTZIA
Amaia Muñoa idazkari nagusiaren albokoak ELAk duen erresistentzia kutxaren indarra nabarmendu zuen. Horri esker, greban dauden ELAko kideek 1.450 euro jasotzen dute hilero, duela lau urte baino %25 gehiago. Dirulaguntza hauek 16.819.912 euro suposatu dizkiote ELAri 2021etik 2024ra. Iaz, 5.653 afiliatuk jaso zuten erresistentzia kutxatik kalte ordaina. «Herrialde honetako esperientzia solidario handienetako bat da. 104.000 pertsonak beren kuotaren laurdena bideratzen diete solidarioki greban dauden langile guztiei. Lorpen sindikaletarako oinarrizkoa da», esan zuen Lakuntzak.

Carrera armamentista Marruecos-Argelia con Israel y el drama saharaui de fondo

La AN absuelve a Iratxe Sorzabal y reconoce «tratos inhumanos»

Una carta certifica que el Borbón estaba al tanto de Montejurra 1976

Sorzabal: admitir lo evidente tras 24 años insistiendo y muchos juicios
