Gaizka IZAGIRRE
DONOSTIA
ERREPLIKA

Hutsuneak irudiz betetzen dituen ariketa intimoa

Oso film xumea da “Erreplika”, txikia, baina gertu sentitzen den horietakoa, pertsonala eta batez ere oso zintzoa.

Hernaniko Zikuñagako Ama Birjina desagertu egin zen 1979an. Bertako biztanleak beren irudi ikonikorik gabe geratu ziren. Hutsuneei buruzko film bat da hau.

Juanmi Gutierrez zinemagilea -Pelloren aita- duela urte batzuk hil zen. Orain, denbora igaro dela, bere filmetara itzuli da eta oso pertsonala den oroimen ariketa bat egin du semeak.

Bere aitaren hutsunea eta Ama Birjinaren irudiaren desagerpena abiapuntu ditu filmak, eta irudien -eta hauen gabezien- garrantzia eta hutsuneak betetzeko beharra azpimarratzen dira.

Film intimoa da, pertsonala, eta harrapatzen duten elementuak azaltzen dira bertan: Ama Birjinaren desagertzea, Erik Belgikarraren istorioa, Guardia Zibilak konfiskatutako Super 8 zinta edota bere aitaren heriotza bera.

Beharbada pentsatuko duzu ikerketa kutsua duen lana dela; inondik inora ere, hori ez da lan honen xedea. Elementu horiek aitzakia bat besterik ez dira irudiei buruz mintzatu ahal izateko; are gehiago, uste dut pelikula bera hutsune batzuk betetzeko erreminta bat dela.

Soinuaren erabilera oso nabarmena da; narrazioan zehar erabiltzen diren objektu guztiak xehetasunez entzuten ditugu eta horrek tridimentsionaltasun moduko bat erantsiz.

Filmak badu hitzen bidez adieraztea ezinezkoa den zerbait; beharbada duen atmosfera berezia da, narrazio geldo baina itsaskorra akaso, Maite Larbururen musika hipnotikoa ala istorioa bera. Ziurrenik gauza horien guztien batura izango da.