Ardaxka, euskarazko literatura mundu zabalera hedatu nahi duen argitaletxea
Euskarazko liburuak edonorentzat eskuragarri jarri nahi ditu Ardaxkak. Euskal Herritik kanpo jaio da eta gure herritik kanpo liburuak saltzea du helburu. Bi lan ildo ditu argitaletxe berriak: munduko literatura gure hizkuntzara ekartzea, batetik, eta gure klasikoak bizirik mantentzea, bestetik. Interesa duenak Ardaxkaren liburu bilduma erosgai dauka jada atarian.

Xole ARAMENDI
Martin Besné bere esperientzia propioak eraman du Ardaxka proiektua abian jartzera. «Iruñean jaioa naiz. Duela zortzi urte atera nintzen, eta harrezkero Copenhagen, Madrilen, Parisen, Bartzelonan eta Mexikon bizi izan naiz. Eta beti nuen arazo bera, euskarazko liburuak aurkitzea. Oso zaila zen, eta segun zein tokitan, ezinezkoa. Iruñera joaten nintzen bakoitzean maleta euskarazko liburuz betetzen nuen. Ikusi nuen arazoa pertsona gehiagok ere bazutela. Erronka moduan hartu nuen», kontatu du.
Euskaraz irakurri nahi, baina ezin. «Euskal Herritik kanpo bizitzeak oztopo bihurtzen du, sarri, euskaraz aritzea. Gure mugetatik kanpo dauden liburu-dendek ez dute euskarazko eskaintzarik, bidalketak garestiak dira, eta askotan liburu bat gure hizkuntzan eskuratzea ezinezkoa bihurtzen da. Horrela hasi zen ardaxka proiektua: beharretik, hutsune batetik, baina baita amets batetik ere», adierazi du.
Liburuak euskaraz argitaratzen dituzte. «Badugu helburu berezia, euskarazko liburuak eskuragarri jartzea euskaldun guztiontzat. Horrek esan nahi du Euskal Herrian bizi diren euskaldunentzat, noski, baina baita atzerrian bizi direnentzat ere», azaldu du.
Euskal Herriaz gain, nazioarteko hainbat puntutara egiten dituzte bidalketak: Estatu espainol eta frantsesa, AEB, Alemania, Australia, Belgika, Erresuma Batua, Herbehereak, Italia, Irlanda, Japonia, Kanada, Polonia, Suedia eta Turkiara. Zerrenda luzatzen ari da pixkanaka.
PAPERA LEHENETSI
Paperaren aldeko apustua egin dute. «Irakurketa momentuaren erritual antzekoa da, asko gustatzen zaigu liburua eskuan hartzea. Gure liburu denak daude eskuragarri paperezko formatuan, eta izenburu batzuk eBook bezala irakur daitezke», esan du. Eskuragarritasuna izatearen barruan sartzen dute prezioa ere. «6 eurotik aurrera ditugu liburuak. Estatu espainolean ez dago arazorik liburuak online eskuratzeko. Aldiz, Estatu frantsesean zaila da. Eta Europako beste herrialde batera bidaltzeko segur aski diru asko ordaindu beharko duzu. Guk lortu dugu AEBn, adibidez, gure liburu batek 6,90 euro balio izatea».
Herrialde bakoitzeko txanponean egiten da liburuen ordainketa. «Web orrian (https://liburuak.eus/) sartuz gero, eroslearen kokapenaren arabera, prezioak bertako dibisara egokitzen dira. Eta herrialde horretan salmenta egiten dugun plataformara bideratuko zaitu», azaldu du.
Kolaboratzaile sarea du ondoan iruindarrak. «Pertsona askok lagundu dit bidean», dio. «Batzuk ordu bat edo bi eskaini dituzte, momentuaren arabera. Gure aisialdian egiten dugu denok. Oso zaila da kolaboratzaile kopurua zehaztea. Zenbaki bat aipatzearren, guztira, 5-10 pertsonak parte hartu dute». Logistikak eman die buruhauste gehien. «Egungo plataforma digitalak erabili ditugu. Akordioak egin ditugu. Guk ez daukagu liburu fisikorik, eskaera dagoen unean inprimatzen dugu. Europako eskaerak Italian edo Polonian inprimatzen ditugu. Batetik, prezioa kontuan izan dugu eta horrekin batera oso zaila egiten zaigu aurkitzea liburu bakarra produzituko duen inprenta. Askok 100 liburuko gutxieneko tirada eskatzen dizute. Eta gaur egun ezinezkoa da hori guretzat, kostu handia izango luke. Horregatik, Italia eta Polonia. AEBn ere beste hiruzpalaurekin akordioa daukagu, eta horrela sarea osatzen joan gara».
Azarotik ari dira lanean. Apirilaren 23an, Sant Jordi egunean, salmahaia jarri zuten Bartzelonan, aurkezpen modura. «Ez gara argitaletxe handi bat. Ez daukagu bulego ikusgarririk, ezta langile ugariz osatutako egiturarik ere. Munduan zehar sakabanatuta gauden euskaldun talde txiki bat baino ez gara», nabarmendu dute.
TXIKITASUNETIK ERAGIN
Txikitasunetik eragin daitekeela erakutsi dute. «Bai, gure helburua bada jarraitzea, ez dakit handi izatea... baina ez daukagu presiorik. Ardaxka osatzen dugun kideok oso lanpetuta bagaude, agian ez dugu argitaratuko libururik hurrengo hilabetean. Ez da ezer gertatuko. Ez daukagu helburu komertzialik. Inork ez du bere dirua jarri eta ez du berreskuratzeko premiarik. Epe luzerako proiektua da. Orain arteko feed-back-a oso ona izan da, jarraitzeko indarra eman digu. Sei hilabetetan lortutakoa asko izan da, baina ez dakit aurrerantzean erritmo berean jarraitzerik izango dugun. Malgutasun horrek ahalbidetzen digu gauzak mimo handiz egitea eta xehetasun guztiak asko zaintzea».
Erabiltzaileen feed-backaz galdetu diogu. «AEBn bizi den neska baten mezua jaso genuen Instagram bidez, gure liburu bat erosi zuela. Ez zuela proiektua ezagutzen. Liburuaren amaieran jartzen dugun oharraren bidez jakin zuen gure berri. Pozik zegoela, han bizi izanda, azkenean euskarazko liburu bat erosteko aukera edukitzeagatik».
Besne freelance aritzen da marketin alorrean. Ordu libreak eskaintzen dizkio Ardaxkari. «Denok daukagu beste lan bat. Proiektuak ez digu bizitzeko bezainbat ematen oraingoz. Helburua bai, bada. Etorkizunean gustatuko litzaidake denbora guztia argitaletxeari ematea. Asteburuetan eta denbora daukagunean egiten dugu. Denbora asko eskatzen du», esan du Martin Besnek Bartzelonatik.

Carrera armamentista Marruecos-Argelia con Israel y el drama saharaui de fondo

La AN absuelve a Iratxe Sorzabal y reconoce «tratos inhumanos»

Una carta certifica que el Borbón estaba al tanto de Montejurra 1976

Sorzabal: admitir lo evidente tras 24 años insistiendo y muchos juicios
