Lidl-ek sukurtsala ireki du Albanian eta Landak ospitalean amaitu du
Mads Pedersenek lehen etapa irabazi zuen, esprintean, Wout Van Aerten aurretik; eta, beraz, lehen liderra da. Dena den, albiste txarrena Mikel Landak eskaini zuen, eroriko gogorra izan baitzuen. «Th 11 ornoaren haustura egonkorra» du eta agur esan du.

Aurtengo Giroak ez zuen denek -euskaldunek, gehienbat- espero zuten hasiera izan. ‘Modan’ dagoen Albaniak jasoko ditu hasierako hiru etapak. Lidl-Trek taldeak protagonismoa izan zuen lehenengoan -Durres eta Tirana artekoan-, lan bikain eta Mads Pedersenen garaipenagatik. Baina Mikel Landa txirrindulari euskaldunak agur esan behar izan dio lasterketa arrosari, azken kilometroetan izandako eroriko gogor baten ondorioz.
Telebistako irudiak mina sentiarazteko modukoak izan ziren. Landa, lurrean etzanda, eta ondoren esku-ohe batean ospitalera nola eramaten zuten ikusi zen. Soudal taldeak beranduago jakinarazi zuenez, arabarrak «Th 11 ornoaren haustura egonkorra du» eta «denbora luzez etzanda egonkor egon beharko du». Arabarrak garaipenen bat nahi zuen aurtengo Giroan, eta zergatik ez, podiumarekin ere amesten zuen berriz ere, 2015ean eta 2022an bezalaxe.
Gertaera azken kilometroetan fortunatu zen, bihurgune itxi batean, tropela esprinterako prestatzen zebilenean eta tentsioa %100ekoa zenean. Telebistako kamerek beste bi txirrindulari nola erortzen ziren grabatzen zutenerako, Landa lurrean minduta zegoen jada.
Aurrean, berriz, tropelak ez zuen abiadura jaitsi. Are gehiago, Lidl-Trek taldeak asko tenkatu zuen lasterketa, eta Pedersenek ez zuen hutsik egin. Daniarra bigarrena izan zen Flandesen, hirugarren Paris-Roubaixen eta sasoi onean iritsi dela baieztatu zuen. 2019an munduko txapelduna izandako 29 urteko gizonak lider bezala jartzen duen lehen maillota du honakoa.
«Garaipen berezia da, etapa eta lidergoarekin, taldeari egindako lana eskertzeko modukoa. Taldea aukeratu nahi genuen, eta hori da egin duguna. Van Aerti irabazteko hankak izan ditut», esan zuen helmugan Mads Pedersenek.
LIDL, LASTERKETAKO JABEA
Egia esateko, Lidl-Trek taldeak egindako lana handia izan zen atzo. Hasiera-hasieratik lehen ihesaldia osatu zen. Boskote batek osatu zuen: Van der Hoorn, Tarozzi, Verre, Tonelli eta Moniquet. Alpecin Deceuninck eta Visma taldeek iniziatiba hartu zuten tropelean, Kaden Groves eta Wout Van Aerten mesedetan.
Boskoteak buruan gainditu zuen Graceneko igoera (2. mailakoa, 12,9 kilometro %5,3an), baina minutu bateko aldeaz. Hau ikusita, jaitsieran, Alessandro Verre bakarka joaten saiatu zen, baina ihesaldiak ez zuen zentzurik. Tiranako zirkuituan sartzerakoan, garaipena esprintean erabakiko zela bazekiten denek.
Zirkuitu honek Surrelera bi igoera zituen (3. malakoa. 7 km %4,4ra), eta Lidl eta Vismak ipinitako erritmoak eragina izan zuen zenbait esprinterrengan: Magnier, Bennett, Kooij eta Fretin atzean geratu ziren. Jaitsieran Vismak hartu zuen lidergoa, baina igoeran berriro Lidl izan zen erritmoa ipini zuena. Txirrindulari asko atzean geratu ziren, baina faboritoak bertan ziren.
Azken kilometroko tentsioan, Pedersenek ez zuen hutsik egin. Landismoa, ordea, triste geratu zen.
VOS, FOTO-FINISHEAN
Emakumeen Vueltari dagokionez, Marianne Vos herbeheretarrak (Visma) irabazi zuen azken-aurreko etapa. Eta nola gainera! Foto-finisha behar izan zuten epaileek garaipena berari emateko, eta ez Mischa Bredewold herrikideari (SD Worx). Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa) bederatzigarren sailkatu zen. Sailkapen nagusiak ez du aldaketa nabarmenik izan: Demi Volleringek (FDJ-Suez) defendatuko du gaur lidergoa; bigarren Anna van der Breggen dago, 45 segundora. Ostolazak aukera izango du top5era salto egiteko, bosgarren postua 21 segundora baitu.
Hori bai, Laboral Kutxa txirrindulari bat gutxiagorekin arituko da, Fidanza italiarrak lasterketa utzi behar izan baitzuen besoko minagatik, eroriko baten ondorioz.

Carrera armamentista Marruecos-Argelia con Israel y el drama saharaui de fondo

La AN absuelve a Iratxe Sorzabal y reconoce «tratos inhumanos»

Una carta certifica que el Borbón estaba al tanto de Montejurra 1976

Sorzabal: admitir lo evidente tras 24 años insistiendo y muchos juicios
